Debako Udalak herriko haur eta gazteentzako Euskarazko Produktuen Katalogoa argitaratu du
2025ko azaroaren 26aKatalogoak 0 eta 16 urte arteko neska-mutilentzako ehunka euskarazko produktu biltzen ditu. Hala nola, liburuak, komikiak, aldizkariak, jokoak eta abar. Formatu digitalean zein Debako liburutegian eta udal zerbitzuetan eskura daiteke. Helburu nagusia da euskarazko kontsumoa eta aisialdia sustatzea.
Debako Udalak herriko familiek esku artean izan dezaten jarri du eskuragarri 2025-2026ko Euskarazko Produktuen Katalogoa. Gida honek 0 eta 16 urte arteko neska-mutilentzako gomendatutako euskarazko produktuak biltzen ditu. Katalogoaren xedea kalitatezko eskaintzaren bitartez euskarazko kontsumoa eta aisialdia erraztea da.
Produktuen eskaintza zabala
Katalogoan aurkitzen dira, besteak beste, liburuak, komikiak, joko kooperatiboak, musika, aldizkariak, aplikazio digitalak eta podcastak. Produktuak adin-tarteka sailkatuta daude eta prezioaren arabera antolatuta, aukeraketa errazteko eta familiei erabakiak hartzen laguntzeko. Gida hau baliagarria da urte amaierako oparien garairako, baina baita urte osorako ere, euskaraz jarduteko erreferente praktikoa izanik.
Katalogoa formatu digitalean kontsultatu daiteke www.katalogoa.eus webgunean baina Debako liburutegian eta udal zerbitzuetan ere izango da eskuragarri paperezko bertsioa. Gainera, interesa dutenek aukera dute katalogoko berrikuntzak eta gomendioak buletin digitalaren bidez jasotzeko.
Debako Udalak herritarrak animatu nahi ditu katalogoa erabiltzera eta euskarazko produktuak lehenestera, hizkuntza-ohiturak aberasteko eta euskararen erabilera sustatzeko urrats erraza baina eraginkorra baita.