Debako Udalak kirol arloko dirulaguntzen deialdia zabaldu du berrikuntza garrantzitsuekin

2024ko abenduaren 26aDebako Udalak kirol arloko dirulaguntzen deialdia zabaldu du berrikuntza garrantzitsuekin

Oinarrietan jasotako aldaketa nagusien artean, dirulaguntzak estaltzen duen epealdia nabarmentzen da, izan ere, aurrerantzean, urte naturala hartuko baita oinarritzat; bestalde, balorazio-irizpide berriak ere jasotzen dira, hala nola berdintasunarekiko konpromisoa, dibertsitate funtzionala edo haur-kirola, besteak beste. Eskabideak aurkezteko epea urtarrilaren 22ra arte egongo da zabalik, eta deialdiari buruzko informazio guztia Udalaren webgunean dago eskuragarri.

Debako Udalak herriko kirol klub eta elkarteen ohiko jarduerak bultzatzeko dirulaguntza deialdia zabaldu du, herrian kirola sustatu eta honen eragin soziala indartzeko helburuz.

Laguntza lerro horren bitartez, Debako Udalak diruz lagunduko ditu herriko kirol klub eta taldeek antolatzen dituzten kirol jarduerak. Edozein kasutan, lehentasuna emango zaie Udalaren helburuekin bat datozen ekintzak bultzatzen dituzten elkarteei, hau da, Deban kirol jarduerak antolatzeko, berdintasuna eta euskararen erabilera sustatzeko edota adingabeen zein dibertsitate funtzionala duten pertsonen jarduera fisikoa bultzatzeko ekintzak antolatzen dituzten elkarteei, alegia.

Hala, aurtengo oinarriek hainbat berrikuntza jasotzen dituzte, hain zuzen, balorazio irizpideekin edota dirulaguntzak estaltzen duen epealdiarekin loturikoak.

Trantsizio epea: urte eta erdiko ekintzak

Orain arte, kirol arloko dirulaguntzak ikasturtea kontuan hartuta ematen ziren. Aurten, baina, berritasun nabarmen gisa, dirulaguntzak estaltzen duen epealdia aldatu da, eta hemendik aurrera, ikasturtea ordez, urte naturala hartuko da oinarritzat. Horregatik, 2024a trantsizio-urtea izango da, eta laguntza horiek jaso nahi dituzten klubek urte eta erdiko epea betetzeko eskabideak aurkeztu beharko dituzte, 2023ko abuztuaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra arte.

Laguntzak emateko lehentasun berriak

Aurrez aipatu bezala, aurtengo deialdiak aldaketak jasotzen ditu laguntzak emateko balorazio-irizpideetan, hain zuzen udalerriari zuzenean mesede egiten dieten jarduerei balio handiagoa emateko helburuz.

Debako ekitaldiak eta haurren kirola: Pisu handiagoa emango zaie Deban kirol-ekitaldiak antolatzen dituzten eta adingabeen artean kirola sustatzen duten klubei, udalerriko gizarte-ehuna aberasteko egiten duten ekarpena nabarmenduz.

Berdintasunarekiko konpromisoa: Emakumeak kirolean parte-hartzeko jarduerak txertatzen dituzten eta klub edo elkarteen kudeaketan zein jardueretan emakumeen ordezkaritza bermatzen duten erakundeen alde egingo da.

Dibertsitate funtzionala: Dibertsitate funtzionala duten haurrak beren jardueretan integratzen dituzten klubek ere errekonozimendu gehigarria izango dute, Udalak inklusioarekin eta aukera-berdintasunarekin duen konpromisoaren isla gisa.

Neurri horiek jarduera fisikoa sustatzeaz gain, funtsezko gizarte-balioak ere sustatzen dituen kirol-eredu bat garatzeko Udalaren konpromisoari erantzuten diote.

Onuradunentzako baldintzak

Laguntza horiek jasotzeko baldintzen artean, irabazi asmorik gabeko kirol-klub eta -elkarteak Debakoak izan beharko dute eta jarduerak udalerrian garatu beharko dituzte.

Eskabideak egiteko garaian, halaber, interesdunek beharrezko dokumentazioa, egindako eta aurreikusitako jardueren deskribapen xehatua, lortu nahi diren helburuak eta balantze ekonomikoa aurkeztu beharko dituzte. Eskaerak aurkezteko epea 2025eko urtarrilaren 22an amaituko da, eta inprimakiak eta xehetasunak joan den abenduaren 23an GAOn argitaratutako iragarkian daude eskuragarri.

Informazio-bilera urtarrilaren 14an
Irizpide berriak azaltzeko eta zalantzak argitzeko, Debako Udala herriko kirol klub eta elkarteekin bilduko da urtarrilaren 14an, arratsaldeko 18:00etan.