Debako Udalak lizitaziora atera du hondartzako toldo, hamaka eta aulkiak gordetzeko zerbitzua

2024ko martxoaren 27aDebako Udalak lizitaziora atera du hondartzako toldo, hamaka eta aulkiak gordetzeko zerbitzua

Horrekin batera, hondartzako aldagela publikoetan sartzeko giltzen kudeaketa ere jasotzen du zerbitzuak. Pertsona edo enpresa interesdunek apirilaren 19ra arte izango dute proposamenak aurkezteko epea.

Debako Udalak lizitaziora atera du Santiago hondartzan toldo, hamaka eta aulkien zerbitzua, hondartzari lotutako dutxa eta aldagela publikoetan sartzeko giltzaren kudeaketarekin batera. Kontratuak uda sasoian Santiago hondartzako zerbitzuen eskaintza hobetzea du helburu, eta urtebeteko iraupena du, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin.

Hori horrela, emakidak aipatutako zerbitzuen kudeaketa integrala jasotzen du, uda osoan horien erabilgarritasuna eta kalitatea bermatuz. Hona hemen pleguetan jasotako xehetasunetako batzuk:

Epeak eta ordutegiak: udako denboraldia ekainaren 15ean hasi eta irailaren 15a arte luzatzen da (biak barne). Hondartzako ordutegi ofiziala, halaber, ondorengoa da: ekaina eta iraila: 11:00 - 19:00 eta uztaila eta abuztua: 10:30-20:00, bi kasuetan, ordutegi jarraian.

Toldo zerbitzua: toldoen zuzkidura, instalazioa, alokairua eta mantenua jasotzen du. Gutxienez 150 eta gehienez 215 toldo jarriko dira hondartzan, estetika eta dimentsio jakin batekin. Jartzen den toldo kopurua ezingo da aldatu denboraldi osoan. Bakoitzak 3.15m2ko azalera izango du gehienez.

Hamaka zerbitzua: hamaken zuzkidura, instalazioa, alokairua eta mantenua jasotzen du zerbitzuak. Udaleko zerbitzu teknikoak  esandako gunean jarriko dira  hamakak hondartzan

Aulkiak gordetzeko zerbitzua: Zerbitzu hori hondartzan jarriko den etxola batean eskainiko da eta horren alokairu gastuak Udalak ordainduko ditu.

Aldagela eta dutxa publikora sartzeko giltzen kudeaketa: Dagozkion tarifa eta fidantza ordaindu ondoren, sarrerako eta leihatilako giltza emango zaio erabiltzaile interesdunari. Zerbitzuaren kudeatzaileak giltzen kontrola eramango du, horretarako, Udalak eskura jarriko dion inprimakia beteaz.

Proposamenen aurkezpena

Proposamenak aurkezteko azken eguna apirilaren 19a izango da. Horrenbestez, pertsona edo enpresa interesdunek ordurako izapide guztiak bete eta proposamenak aurkeztu beharko dituzte, elektronikoki, kontratatzailearen profilaren bidez, edota aurrez aurre, Herritarren Arretarako bulegoan (Portu kalea, 1).

Deialdi hau aukera bikaina da turismoa edota hondartza-zerbitzuen sektoreko enpresentzat, Informazio gehiagorako, kontratazio-pleguei buruzko informazio guztia esteka honetan kontsulta dezakezue: https://labur.eus/fEs1b