Debako Udalak tokiko merkataritza biziberritzeko Lehiakortasun Plana garatuko du

2024ko azaroaren 29aDebako Udalak tokiko merkataritza biziberritzeko Lehiakortasun Plana garatuko du

Ekimenak udalerriko ekonomia indartzea du helburu, eta merkataritza establezimendu bakoitzerako estrategia pertsonalizatuak sortzean oinarritzen da, estrategia horiek egungo beharretara eta etorkizuneko erronketara egokituz. Era berean, Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu du Debalairekin, Debako merkatarien elkartearekin, tokiko merkataritza eta kontsumoa sustatzen duten proiektuak eta ekimenak elkarlanean garatzen jarraitzeko.

Debako Udalak tokiko merkataritzaren lehiakortasuna eta biziberritzea sustatzeko plan berri bat jarri du abian. Ekimen hau, bat dator Udalak udalerriko ekonomia dinamizatzeko eta herriaren zein herritarren ongizaterako eta etorkizunerako funtsezkoa den merkataritza sektorea indartzeko duen konpromisoarekin. Izan ere, tokiko merkataritza suspertzea 2023-2027 Gobernu Planaren ildo estrategikoetako bat da, tokiko ekonomia-sarea sustatzearen eta kalitatezko enplegua sustatzearen garrantzia nabarmenduz. 

Plan hori Ikertalde aholkularitza-enpresaren zuzendaritzapean gauzatuko da. Enpresa hori arduratuko da, hain zuzen, planaren garapen zein idazketaz eta merkataritza establezimendu bakoitzerako estrategia pertsonalizatuak sortzean oinarritzen da, estrategia horiek merkatuaren egungo beharretara eta sektoreak etorkizunean izango dituen erronketara egokituz.

Etorkizun lehiakor baterako azterketa eta prestakuntza-fasea

Ekimena joan den azaroaren 26an aurkeztu zitzaien herriko merkatariei eta helburu du Debako saltokien lehiakortasuna aztertzea eta hobetzea, establezimendu bakoitzerako azterketa sakon eta pertsonalizatuaren bidez.

Horretarako, Lehiakortasun Plana bi fasetan gauzatuko da. Lehenengo fasean, parte hartu nahi duten saltokiak identifikatuko dira, eta horien egungo egoeraren azterketa sakona egingo da. Ondoren, bigarren fasean, aurretiazkoan lortutako ondorioen arabera, merkataritza establezimendu bakoitzerako estrategia pertsonalizatuak diseinatuko dira, haien premia partikularrak eta hazteko eta merkatura egokitzeko aukerak kontuan hartuta.

Plan hori establezimenduen inplikazioaren arabera garatuko da, eta pixkanaka egingo da datozen urteetan zehar. Helburua da saltokiek sektorearen erronka berriei (digitalizazioa eta jasangarritasuna, esaterako) aurre egiteko beharrezko baliabideak izatea eta herritarrei kontsumo-eskaera berriei erantzungo dieten produktuak eta zerbitzuak eskaintzea.

Asier Urain zinegotziaren hitzetan: "Plan honekin, Debako Udalak tokiko merkataritzarekin duen konpromiso irmoa berresten du. Badakigu merkataritza-sektorea aldaketa askotara egokitu behar izan dela azken urteotan, eta Udaletik gure saltokiei lehiakorragoak izaten eta merkatuaren erronka berrietara egokitzen lagundu nahi diegu. Udalerriko establezimendu bakoitzak bere negozio-eredu egokia aurkitzea nahi dugu, eraginkorragoak, iraunkorragoak eta, batez ere, kontsumitzaileengandik hurbilago egoteko tresnak eskainiz".

Udalaren eta Debalairen arteko lankidetza-hitzarmenaren berritzea

Debako Udalak eta Debalai merkatari eta ostalarien elkarteak lankidetza-hitzarmena berritu dute tokiko merkataritza eta ostalaritza dinamizatzeko eta Debako merkataritza, ostalaritza eta ekonomia sustatzeko jarduerak antolatu eta garatzeko helburuz. 

Hala, lankidetza hitzarmenean jasotakoari jarraiki, Debalaik hainbat dinamizazio eta sustapen jarduera antolatuko ditu, Udalaren laguntza ekonomikoarekin. Ekintza aipagarrienen artean, neguko eta udako outletak, Udazkeneko Elikagaien Astea edota udazkeneko ginkana daude, baita Gabonetako haur parkea edota tonbola ere. 

Horrez gain, erosketa-bonuen kanpaina bat egitea aurreikusten da, festa garai honetan tokiko merkataritzari bultzada emateko. Udalak 10.000 euroko ekarpena egingo du, tokiko saltokietako kontsumoa indartzeko. Kanpainaren inguruko xehetasunak aurrerago emango ditu Udalak. 

Akordio honen bitartez, beraz, bi aldeek tokiko ekonomia, merkataritza-jasangarritasuna eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza sustatzeko konpromisoa berresten dute, debarren ongizatearen mesedetan.