Debako Udalak trafiko-ordenantza berria onartu du, herriko mugikortasuna eta segurtasuna hobetzeko

2026ko otsailaren 27aDebako Udalak trafiko-ordenantza berria onartu du, herriko mugikortasuna eta segurtasuna hobetzeko

Araudi berriak Lersundi eta Ifar Kaleetan matrikulak irakurtzeko kamerak jasotzen ditu, udalerriko erdiguneko ibilgailuen sarrera eta irteerak arautzeko. Sarbidea astelehenetik larunbatera izango da, lanegunetan, 08:00etatik 12:00etara, gehienez 30 minutuko egonaldiarekin, baimendutako ibilgailuak salbu. Helburu nagusia da hiri-ingurune antolatuagoa eta irisgarriagoa sortzea, espazio publikoen erabilera arduratsua bultzatuz eta guztiontzako zirkulazio ordenatuagoa eta seguruagoa bermatuz.

Debako Udalean atzo egindako ohiko osoko bilkuran trafiko ordenantza berria onartu zen, udalerriko zirkulazioa arautzeko eta bide segurtasuna hobetzeko berrikuntza garrantzitsuak txertatzen dituena. Ordenantza onartu zen EAJ-PNV eta Orain Debaren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.

Ordenantzaren berrikuntzak: oinezkoentzako guneetako sarrerak kontrolatzeko neurri berriak

Araudi berriaren helburu nagusia da herritarren bizi-kalitatea hobetzea, mugikortasun seguruago eta antolatuagoa sustatuz, bereziki udalerriko erdigunean.

Hildo horretan, Lersundi Kalea, Foruen Plaza, Plaza Zaharra, Sokagin Kalea, J.M. Ostolaza Kalea, Ifar Kalea, Itur Kalea, Portu Kalea, San Roke Kalea, Astillero (Osio eta San Josepe artean) eta Gurutze Kalea oinezkoentzako gune deklaratu dira. Horrek esan nahi du eremu horiek batez ere oinezkoentzat izango direla eta ibilgailuen zirkulazioa debekatuta egongo dela, baimendutako ibilgailuentzat izan ezik, hala nola IBIa duten garajeak, anbulantziak, polizia eta larrialdietako edo zerbitzuko ibilgailuak; hala ere, 8:00etatik 12:00etara edonor sar daiteke 30 minutuko denbora tartean.

Gidariek murrizketa berri hauek errespetatzen dituztela bermatzeko, oinezkoentzako guneetara sartzeko sarrera guztietan informazio-kartelak jarriko dira, kale horietan zirkulazioa debekatuta dagoela adierazteko.

Gainera, ordenantzaren berrikuntza nagusietako bat udalerriko erdigunerako sarbidearen kontrola izango da; horretarako, matrikulak irakurtzeko kamerak jarri dira Lersundi eta Ifar Kaleetan. Kamerok oinezkoentzako guneetara sartzen edo handik irteten diren ibilgailuen matrikulak irakurriko dituzte. Aipatu bezala, sarbidea astelehenetik larunbatera lanegunetan 08:00etatik 12:00etara mugatuko da, eta gehienezko egonaldia 30 minutukoa izango da.

Baimendutako ibilgailuak

Aurretik aipatu bezala, salbuespenak egongo dira baimendutako ibilgailuentzat, hala nola anbulantziak, Ertzaina edota gunean garajea dutenek edo lan egiten duten pertsonak ibilgailua lan tresna modura erabiltzen dutenek; hauek mugarik gabe sartu ahal izango dira, baldintza batzuk beteta. Gunean garaje edo negozioa duten pertsonek baimen berezia eskatu beharko dute udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan ibilgailuarekin sartu ahal izateko (eskaerak idatziz aurkeztu beharko dira). 

Astillero kaleari dagokionez, ordenantza berria baino lehen emandako baimen bereziak mantendu egingo dira. Ostalaritza eta merkataritza establezimenduei begira, kanpaina berazi bat eramango du aurrera udaltzaingoak, oinezko gune horietan dauden negozioetara zuzenean bertaratuz. 

Baimen berezien eskaera-epea

Eskaerak martxoaren 2tik 31ra egin ahal izango dira, honako dokumentazioa aurkeztuz: jabetza-egiaztagiria edo garajeen jabeei dagokien alokairu-kontratua. Aipatutako epea amaitu ondoren jasotako eskaeren arabera kudeatuko dira baimenak. 

Baimen berezietarako eskaera orria eskuragarri dago udal webgunean. 

Egokitzapen-epea: lehen bi hilabeteetan herritarrek arauak ezagutzeko aukera izango dute, zehapenerik jaso gabe

Aldaketa honen helburua nagusia da segurtasuna eta mugikortasuna hobetzea, bereziki udalerriko erdigunean. Horregatik, baimendutako 30 minutuko egonaldia gainditzen duen ibilgailuari isuna ezarriko zaio.

Hala ere, Udalak bi hilabeteko abisu-epea ezarriko du, herritarrek araudi berrira egokitu daitezen. Epe horretan, gidariei trafiko-arau berriez jakinaraziko zaie, eta haiek ezagutzeko eta ohitzeko aukera izango dute, isunik jaso gabe. Maiatzaren 1etik aurrera, arauak urratzen dituztenei isuna ezarriko zaie, ordenantza berriarekin bat eginez. Neurri honek herritarrak sentsibilizatzea du helburu, trafiko-arauak errespetatzearen garrantziaz jabetzeko eta zirkulazio arinago eta seguruagoa bermatzeko.

Ordenantza berri honekin, Debako Udalak mugikortasuna, segurtasuna eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko konpromisoa berretsi du. Neurri hauek hiri-ingurune antolatuago eta irisgarriagoa sortzen lagunduko dute, espazio publikoak modu arduratsuan erabiltzea sustatuz eta guztiontzat zirkulazio ordenatu eta seguruagoa bermatuz.

Ordenantzaren inguruko informazioa eta baimen berezietarako eskaera orria eskuragarri hemen