Debako Udalak udalerriko irisgarritasuna hobetzeko hainbat ekintza gauzatu ditu, Irisgarritasun Planean jasotakoaren baitan

2026ko ekainaren 26aDebako Udalak udalerriko irisgarritasuna hobetzeko hainbat ekintza gauzatu ditu, Irisgarritasun Planean jasotakoaren baitan

Egindako lanen artean nabarmentzekoak dira hondartzara sartzeko arrapaletan ezarritako barandak, hondartzan jarritako pasabide berriak eta San Josepe kalean instalatutako barandak. Helburu nagusia da udalerriko irisgarritasuna hobetzea, pertsona guztientzako espazio publiko seguruagoak, erosoagoak eta erabilerrazagoak sustatuz.

Uda sasoiaren atarian, Debako Udalak udalerriko irisgarritasuna hobetzeko hainbat ekintza gauzatu ditu, Irisgarritasun Unibertsalaren Plan Integralean (PIAU) jasotakoaren baitan. Egindako lanen artean nabarmentzekoak dira hondartzara sartzeko arrapaletan ezarritako barandak, hondartzan jarritako pasabide berriak eta San Josepe kalean instalatutako barandak.

Ekintza horien helburua da herritar guztiei eta bisitariei udalerriko espazio publikoetarako sarbide erosoagoa eta seguruagoa bermatzea, bereziki mugikortasun urriko pertsonentzat, adinekoentzat edo haurren orgatxoekin ibiltzen diren familientzat.

Hondartzako sarbide irisgarriagoa

Uda garaian hondartzak hartzen duen garrantzia kontuan hartuta, Debako Udalak hobekuntza esanguratsuak egin ditu hondartzara sartzeko bideetan. Alde batetik, arrapaletan barandak instalatu dira, erabiltzaileen segurtasuna eta autonomia handitzeko. Bestetik, hondartzan ezarritako pasabide berriak Irisgarritasun Planaren baitako beste urrats bat dira, udalerriko espazio publikoak pertsona guztientzat eskuragarriagoak izan daitezen. Helburua da hondartzaren erabilera erraztea eta herritar guztiek inguruneaz baldintza hobeetan gozatu ahal izatea. 

Neurri horiek hondartza inklusiboago baten aldeko apustua indartzen dute, pertsona guztiek, beren gaitasunak edozein direla ere, espazioaz baldintza berdinetan gozatu ahal izan dezaten.

San Josepe kalean segurtasuna eta erosotasuna hobetuz

Irisgarritasun Planaren barruan, San Josepe kalean ere barandak instalatu dira, oinezkoen joan-etorriak seguruagoak eta erosoagoak izan daitezen. Esku-hartze honek kale horretako irisgarritasuna hobetzen laguntzen du, batez ere malda edo zailtasunak dituzten tarteetan.

Deba, udalerri inklusiboago baten alde

Jarduketa hauek Debako Udalak irisgarritasunarekin eta inklusioarekin duen konpromisoaren parte dira. 2025ean martxan jarritako Irisgarritasun Unibertsalaren Plan Integralaren bidez, udalerriko espazio publikoak pixkanaka egokitzen ari dira, pertsona guztien beharrak kontuan hartuta.

“Irisgarritasuna hobetzea ez da soilik azpiegiturak egokitzea; pertsona guztiek Deba modu autonomoan, seguruan eta berdintasunean bizi eta gozatu ahal izatea bermatzea da. Uda honetan egin ditugun hobekuntzak norabide horretan emandako urrats berriak dira” - adierazi du Alazne Txurruka alkateak.

Debako Udalak lanean jarraituko du datozen hilabeteetan ere Irisgarritasun Planak jasotzen dituen ekintzak garatzen, Deba gero eta udalerri irisgarriagoa, seguruagoa eta inklusiboagoa izan dadin.