Debako udalbatzak Saharako herriarekin elkartasuna adierazi du aho batez onartutako mozioarekin

2020ko azaroaren 27aDebako udalbatzak Saharako herriarekin elkartasuna adierazi du aho batez onartutako mozioarekin

Azaroaren 26an egin du Debako udalbatzak ohiko osoko bilkura. Bertan landutako gaien artean, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoari elkartasuna adierazteko mozioa. Aho batez onartu zuten udalbatza osatzen duten hiru alderdiek testua. Euskararen Egunari lotutako adierazpen instituzionala ere aho batez onartu zen. Bestetik, Udal finantzaketarako foru funtsari eta zorpetzeari buruzko mozioa ere onartu zen, kasu honetan, EH Bilduren (6) eta Debarren Ahotsaren (4) aldeko botoekin. EAJ-PNk (3) kontra bozkatu zuen.

Elkartasuna eta babesa adierazten die Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoari, SEAD, eta Fronte Polisarioari onartutako mozioaren bitartez. Halaber, Eusko Jaurlaritzari SEADen eta Fronte Polisarioaren aldeko jarrera publikoa har dezala eskatzen dio. 

Marokoko Erresumak 1991n Fronte Polisarioarekin sinatutako su-etenaren apurketa salatzen du. Nazio Batuen ebazpenen arabera, saharar herriaren autodeterminazio-eskubidea defendatzen du, eta Marokoko Erresumak saharar lurraldearen legez kanpo okupazioa salatzen du. 

Beste hainbat aldarrikapen ere bere egiten ditu Debako udalak eta kezka berezia adierazten du lurralde okupatuetan bizi diren zibil saharauekiko. Ildo horretan, Europako erakunde eta gobernuei eta NBEri eskatzen die giza eskubideen arloko behaketa-ordezkaritzak bidal ditzatela. 

Abenduaren 3an, ohi denez Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da, aurten, gainera, Euskaraldian murgilduta. Debako udalak adierazpen instituzionala onartu du, aho batez. Egunaren baitan hainbat konpromiso hartu ditu udalak, besteak beste, arigune bilakatzea, UEMA indartzea, euskararen erabilera eta presentzia komunikazio guztietan bermatzea eta sustapen lanak egitea. 

Udal finantzaketarako foru funtsari buruzko mozioari dagokionez, EH Bildu eta Debarren Ahotsaren aldeko botoekin onartu zen, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzea azaroan egin beharreko Foru Funtsaren ordainketa Finantza Kontseiluan 2020ko urriaren 15ean informatutako aurreikuspenekin bat etorriz egitea. 

Bestetik, udalek, hala nahi badute, 2020rako FFFMren hasierako aurreikuspenetan dagokien guztizko zenbatekora arte eska dezatela. Udalek 2022an eta 2023an konpentsatuko dizkiote zenbateko horiek Foru Aldundiari. Eta, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzea, hala nahi duten udalekin batera, Itunaren Batzorde Mistoaren esparruan itundutako zenbatekoaren % 40 gutxienez zorpetzeko ahalmena izatea. 

Bileraren gai zerrendan aurreikusita zegoen Burgosko prozesuari buruzko gaia ez zen bilkura honetan landu.

 

SAHARARI BURUZKO MOZIOA

FORU FUNTSARI BURUZKO MOZIOA

EUSKARAREN EGUNEKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA