Debatik igaroko da Tourra uztailaren 3an, eta eraginak izango ditu trafikoan

2023ko ekainaren 21aDebatik igaroko da Tourra uztailaren 3an, eta eraginak izango ditu trafikoan

Euskal Herritik abiatuko da aurtengo Frantziako Tourra. Uztailaren 1ean hasiko da lehiaketa, eta lehenbiziko hiru etapak euskal errepideetan egingo dituzte. Uztailaren 3ko etapa Amorebietan hasiko da, eta Frantziako bidean, Debatik igaroko da.

Txirrindulariak Debara 14:40ean iristea aurreikusten da, beti ere, tropelak eramango duen erritmoaren arabera aldaketak izan ditzakeen arren. Nolanahi ere, txirrindularitza probak ondorioak izango ditu herriko trafikoan uztailaren 3ko eguerdi eta arratsaldean. Hala, N-634 errepidea 11:20etik aurrera itxiko da Deban, eta 11:35etik aurrera Itziarren.

Kasu puntualetarako edo urgentzietarako, Debatik Itziarrera, eta, ondoren, Itziartik, GI-3210 eta GI-3292 errepideetatik jarraitzeko aukera izango da, Lasturrerantz, eta, handik, Sasiolako zubirantz; han, N-634 errepidearekin lotu ahal izango da, Mendaro eta Elgoibarrerako norabidean. Bide hori ibilgailu arinek bakarrik erabiltzea gomendatzen da, zirkulazio-arazoak eta auto-ilarak saihesteko.

Anbulatorioa eta hondartza:

N-634 errepidea ixteak aldaketak ekarriko ditu hondartzara sartzeko pasabideetan, anbulatorioko laguntza-zerbitzuetan, bidaiarien garraioan, hiriguneko sarbideetan eta eremu jakin batzuetan, ibilgailuen aparkalekuan eta hondakinen edukiontzien kokapenean.

11:20etik aurrera, Deban ez da N-634 errepidean zehar hondartzara iristeko bidegurutze-gunerik egongo. Anbulatorioko laguntza-zerbitzuen aldaketak behar besteko aurrerapenez jakinaraziko dira zentroan, eta erabiltzaileei jakinaraziko zaizkie. Hala ere, uztailaren 3an, 11:00etatik aurrera, unitate mugikor bat jarriko da hirigunean, unean uneko egoerei erantzuteko. Larrialdiko beste edozein laguntza-arreta 112 telefonoaren bidez jakinarazi ahal izango da.

Garraio publikoa:

Euskotrenen eta Lurraldebusen zerbitzuen webguneak kontsultatu beharko dira aldaketak. Autobus-geltokietan dauden informazio-iragarkietan ere jakinaraziko dituzte aldaketak.

Herri barrua:

Lersundi kaletik herrigunerako sarbidea 10:30ean itxiko da. Osio kalean, 10:30 eta 18:00 bitartean, barne-pasabidea irekita egongo da Astillero kaletik, sartzeko eta irteteko erraztasunak emateko. Uztailaren 2tik uztailaren 3an lasterketa amaitu arte ezin izango da Hondartza kalean zehar aparkatu.

Edukiontziak:

N-634 errepidean izango duen eragina dela-eta, bertan dauden hondakinen edukiontziak zigilatu eta itxi edota lekuz aldatu ahal izango dira (tren geltokian daudenak, adibidez, Lersundi kaleko sarrerara eramango dira). Ekainaren 26ko astean zehar Mankomunitateak jakinaraziko dituen aldaketei adi egon beharko dute herritarrek.

Azkenik, Tourra ospatzen den egunetan joan-etorriak aldez aurretik planifikatzeko eskatzen zaie herritarrei, eta informazio gehiago nahi izanez gero, Debako Udaltzaingora deitu dezakete, 943-60 80 40.

Boluntarioak behar

Txirrindularitza proba herritik pasatuko den egunean, Debako 46 bidegurutze eta toki ikuskatu behar dira, eta horretarako, 92 pertsona edota boluntario behar dituztela aurreikusi dute antolatzaileek. Hala, helbide elektroniko bat sortu dute interesatuek izena eman dezaten: tourlagunak@euskadi.eus. Informazio edo xehetasun gehiago behar dutenek, berriz, 625 70 99 94 edo 944-20 53 09 telefono zenbakietara deitu dezakete.