Dena prest larunbatean Deban ospatuko den I. Basotik Txirrindulari Festarako
2025ko urriaren 21aGaur aurkeztu da Basotik Fundazioak antolaturiko jaialdia, non 500 txirrindulari baino gehiago elkartuko diren, txirrindularitza eta baso-ondarea uztartuko dituen festan.
Larunbat honetan Deban ospatuko da I. Basotik Txirrindulari Festaren lehen edizioa, BSTK Basotik Fundazioaren eskutik eta Euskadi Fundazioko emakumezko zein gizonezko txirrindulari profesionalen parte-hartzearekin. Elkarrekin, kirolaren eta jai giroaren bitartez, Gipuzkoako basoen balioa herritarrengana hurbiltzea dute helburu. Ekimenean Debako udala eta Amaikak Bat taldea ere murgildu dira.
Gaur goizeko aurkezpenean Alazne Txurruka, Debako alkatea, Jon Ander Ostolaza, Basotik Fundazioko gerentea, Amaikak Bat Debako txirrindulari taldeko kideek probaren inguruko xehetasunak agertu dituzte. Aurkezpena Alamedan, kioskoaren parean egin da, festaren epizentro izango den gunean; han elkartuko dira parte-hartzaile eta bisitari guztiak.
Ekitaldiak bi jarduera izango ditu:
Basotik Zikloturista Martxa: 89 km-ko martxa zikloturista, naturaren erdian erronka kirolerako prest daudenentzako.
Txirrindulari Txiki Festa: 4 km-ko martxa txirrindulari familiarra, haurrek eta laguntzaileek giro txirrindulariaz gozatu dezaten modu errazean eta dibertigarrian. Martxa familiarra amaitu ondoren, ginkana txirrindulari bat egingo da, non txikiek bizikletaz jolastea, probak egitea eta dibertitzea jarraitu ahal izango duten.
Jon Ander Ostolazak adierazi duenez, “dena prest dago Debak gure basoak eta txirrindularitza batuko dituen festa handirako. Hasieratik oso harrera ona izan du ekimenak, eta oso pozik gaude lehen edizio honek piztu duen ilusioarekin”. Izan ere, Basotik Zikloturista Martxarako izen-emateak jada agortu dira, eta 350 parte-hartzailek egingo dute 89 kilometroko ibilbidea goizeko 9:00etan Debatik abiatuta.
Bestalde, Amaikak Bat Debako txirrindulari taldeak boluntario lanetan jardungo du larunbatean. Ostolazak eskerrak eman dizkie taldeko kideei eta Debako herriari oro har: “ez litzateke posible izango halako ekitaldi bat boluntarioen eta tokiko erakundeen laguntzarik gabe. Esker ona Amaikak Bat taldeari eta Debako Udalari, lehen egunetik erakutsitako prestutasun eta ilusioagatik”. Debako alkateak, Alazne Txurrukak, herriaren ilusioa eta parte-hartzea azpimarratu ditu: “Dena prest dago gure kaleak eta espazioak bizikletaz eta festaz betetzeko. Basotik Fundazioarekin eta tokiko elkarteekin elkarlanean, egun paregabea izango dugu: kirolaz, naturaz eta komunitateaz gozatzeko aukera bikaina izango da gure herriarentzat”.
Ekitaldiak, ordea, ez du izango zikloturismo martxa bakarrik. Txirrindulari Txikien Festa ere egingo da goizean, 11:00etan hasita, familiei eta haurrei zuzenduta. 0 urtetik gorako edonork har dezake parte. Aurrez izen-ematerik ez da behar, eta parte hartu nahi duten guztiek nahikoa izango dute 10:00etarako kioskora gerturatzearekin, dortsala jasotzeko. 4 kilometroko martxa labur baten ondoren, ginkana dibertigarria egingo da eta haur guztiek parte-hartze opari poltsa jasoko dute.
Goiza giro ederrean borobiltzeko, 13:00etan parrillada herrikoia egingo da, pintxo eta musikarekin, eta parte-hartzaileen artean hainbat zozketa egingo dira: zikloturismo martxan parte hartzen dutenen artean Euskadi Fundazioko txirrindulari profesional baten bizikleta, Txirrindulari Txikien Festan parte hartzen dutenen artean Orbea Onna 50 mountainbike bizikleta, Euskadi Fundazioko hainbat maillotak eta kulote eta kasko ere.
Basotik Fundazioak eta Debako Udalak herritar guztiak gonbidatu dituzte urriaren 25ean, larunbat goizean, Debara bertaratzera, giro osasuntsu eta dibertigarrian basoen eta txirrindularitzaren jaia bizitzeko.
Giro herrikoia eta txirrindulari profesionalen parte-hartzea
Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko txirrindulari profesionalak izango dira ekitaldiaren protagonistetako batzuk, eta hauek bi bizikleta irteeratan hartuko dute parte. Konfirmatu diren emakumezkoen artean daude Usoa Ostolaza, Ane Santesteban, Naia Amondarain, Idoia Eraso eta Eneritz Vadillo. Gizonezkoen artean, aldiz, talde profesionaleko Jon Agirre, Nicolás Alustiza, Xabier Isasa eta 23 urte azpiko Aimar Galdos, Ander Otegi eta Yago Agirre izango dira bertan.
Egitaraua:
8:00-8:45 – I. Basotik Zikloturista Martxarako dortsalen banaketa
9:00 – Basotik Zikloturista Martxaren irteera (89 km)
10:00-10:45 – Txikien dortsal banaketa
11:00 – Txirrindulari Txiki Festa:
4 km-ko ibilbide txirrindularia
Txirrindulari ginkanak
13:00 – 13:30 Basotik Zikloturista Martxaren helmugara iristea eta finisher poltsaren banaketa (Debako kioskoan)
13:00 – 14:30 Pintxoak (parrillan) parte-hartzaile guztientzat
14:00 – Zozketak
Informazio gehiago: www.basotik.eus