Debako baserritarren azokaz egindako prozesuaren berri emango da bilera irekian

2021/06/11
Aurtengo lehen seihilekoan Debako baserritarren azoka balioan jarri eta indartzeko prozesu bat izan dugu martxan. Ekainaren 17an, 18:30ean aurkezpen-bilera egingo da udalbatza-aretoan prozesuak utzitako emaitzen berri emateko.

Prozesua LANDAOLA elkarteak (Gipuzkoako Landa Garapenerako Elkarteen Federazioa), Eusko Jaurlaritza Elika Fundazioaren bidez,  eta udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin garatu da eta gure udal ekonomiaren, kulturaren eta tradizioaren zati garrantzitsu bihurtu diren gure udalerrietako baserritarren azokak dinamizatzeko eta bultzatzeko Gipuzkoa mailan egin den egitasmoaren baitan kokatu da.

Prozesu honen baitan Debako baserritarren azokaren diagnostikoa egin dugu eta aurrera begira berau balioan jarri eta indartzeko epe ertain laburrean garatzeko ekintza-plana diseinatu ere bai. 

Partaideei dagokienez, prozesuan parte hartu dute Debako azokaren parte diren ekoizleak, udaleko ordezkariak (tekniko-politikoak), Debemen Landa Garapen Elkarteko ordezkariak eta kontsumitzaileak. Prozesua denon artean eta behetik gora eraiki dugu.

Emaitzari begira hiru estrategia edota lerro nagusi aipatu daitezke:

  1. Batzordea eratzea. Kudeaketa konpartitua izatearen beharra azaleratu da prozesuan eta horretarako beharrezkoa ikusi da lantalde bat sortzea. Lantaldea Udalak, Landa Garapen Elkarteak, ekoizleek eta kontsumitzaileek osatuko dute.
  2. Espazio baten beharra. Ekoizleak toki batean eta espazio duin batean kokatzearen garrantzia nabarmen ikusi da. Udalak jadanik eman ditu urrats batzuk eta Paseo Estalian kokatu du baserritarren azoka oraingoz. 
  3. Sustapena. Baserritarrak eta hauek ekoitzitako produktuak balioan jartzeko, eta Debarrak merkatura hurbiltzeko dinamizazio-ekintzak garatzea aurreikusi dira.

Honekin batera eta Gipuzkoako beste udalerri batzuetan egin diren prozesuek emandakoa kontuan hartuta lurralde mailako zirkuitu laburreko azokak saretzeko eta indartzeko egitasmo desberdinak garatuko direla aurreikusten da.

Guzti honen berri zehatzago izan nahi duenarentzat, datorren ekainaren 17an, arratsaldeko 18:30ean aurkezpen-bilera egingo dugu udalbatza-aretoan.

Guztion artean, azoken etorkizuna bermatuko dugu.