Ekintzaz beterik iritsiko da uda Debako nerabeentzat
2023ko ekainaren 15aUda garaia ate joka da, eta aisialdirako hamaika aukera antolatu ditu Debako Gaztelekuak herriko nerabeentzat. Irteera eta ekintza desberdinak prestatu dituzte ekaina bukaerarako eta uztailerako: kirol txapelketak, ur parkeak... Ekintza horietan izena eman nahi dutenek dagoeneko egin dezakete.
Hona hemen adinaren araberako eskaintza:
2006koak, ikasturte osoan beraien nahia aurrera ateratzeko buru belarri jardun ostean, Senegalera joango dira NDANK NDANK elkartearekin batera, kulturartekotasuna landuz.
2007an jaiotakoak barbakoa egingo dute Elorrixan.
2008ko prozesu hezitzailekoak Murillo de Gallegora joango dira bertan bi gau pasatzera ikasturte bukaerako gazte bidaian. Rafting eta mendi irteera izango dira ekintzak.
2009an jaiotakoak Santa Katalinan gaubela egiteko aukera izango dute, ilunabarra ikusi, bertan afaldu eta gauez jaitsi.
2010ekoak Donostiako Santa Klara irlara joango dira egun pasa.
Bestalde, elkarrekintza sustatu eta adin arteko harremanak sendotzeko beste hainbat ekintza ere izango dira:
Labenne ur parkera irteera, 2006, 2007, 2008 eta 2009an jaiotakoentzat.
Las Norias ur parkera irteera, 2009 eta 2010ean jaiotakoentzat.
Gaztefutbol txapelketa, 2008, 2009 eta 2010ean jaiotakoentzat.
Hondartzako futbol txapelketa, denentzat.
Hondartzako boleibol txapelketa, denentzat.
Kayak ikastaroa, Debakayak-en eskutik, denentzat.