Emakumeen zikloa ardatz, hauek erdigunean jartzea izango da Martxoaren 8aren inguruko lanketaren helburua

2022ko otsailaren 25aEmakumeen zikloa ardatz, hauek erdigunean jartzea izango da Martxoaren 8aren inguruko lanketaren helburua

Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, aurten ere, egitarau oparoa osatu du Berdintasun batzordeak. Era eta gai ezberdinetako jarduerak antolatu diren arren, “aurten saiakera berezia egin nahi izan da emakumeen zikloa erdigunean jarri eta eragile ezberdinekin lanketa interesgarriak burutzeko”, Itziar Irizar Beristain Berdintasun eta politika feministen zinegotziaren esanetan.

Gaztelekuko arduradunek 4 saioko formakuntza antolatu dute DBH 4. mailako ikasleentzat, euren hilekoa ezagutzeko asmoz. Saioak Deban eta Itziarren egingo dira. Tartean, higiene menstrualaz ere arituko dira, eta ikastaroa amaitutakoan hileko-kopen eta konpresa berrerabilgarrien banaketa egingo dute gaztetxoek. Herritarrei, material hori banatzeaz gain, horien erabilpena azaltzeko eta gisa honetako produktuak erabiltzearen garrantziaz aritzeko aukera izango dute. 

Kanpaina honek bi helburu nagusi izango ditu, beraz: batetik, hilekoa eta emakumeen izaera ziklikoa agerian jartzea, eta, bestetik, produktu berrerabilgarriak ezagutaraztea eta horien garrantzia bistaratzea.

Gai honi lotuta, hilekoari buruzko tailerra izango da martxoaren 11n. Emakumearen zikloa, zikloaren faseak, fase bakoitzaren eragin emozionala, elikaduraren garrantzia, higiene menstruala... arlo ezberdinak landuko dira bertan.

Eta, ondoren, menopausiari buruzko kafe-tertulia martxoaren 25ean, Deba-Itziarko talde feministak antolatuta. Kasu honetan, bertan biltzen diren pertsonen esperientziak, ezinegonak, ezagutzak edo ez-ezagutzak partekatzeko aukera izango da.

Hilekoaz edo menopausiaz hitz eginez, emakumeak erdigunean jartzea izango da egitarau honen helburua. Hainbeste urtean ezkutuan eraman behar izan diren kontu hauez lasai hitz egiteko guneak sortu, herri mailan kontzientziazio ariketa egin, eta naturala dena modu naturalenean tratatzeko”, Irizarren ustez.

Horrez gain, Bete ingoiau antzezlana eskainiko da martxoaren 4an Burugorri eraikinean, DIT Deba-Itziarko talde feministak deitutako manifestazioa egingo da martxoaren 8an, herriko ipuin kontalariek Emakumearen Eguneko ipuin kontaketak eskainiko dituzte martxoaren 13an eta Chhaupadi dokumentala proiektatuko da martxoaren 20an, azken biak Kultur Elkartean.

Chhaupadi Nepalen grabatutako lana da. Edurne Pasaban mendizaleak Himalayaren alderdi ezkutuetako bat azaleratu nahi izan zuen kontakizun honekin, bertako emakumeak euren komunitateetatik baztertuak izaten baitira hilekoa duten bitartean. Injustizia hau azaleratu nahi izan zuen.