Eskola Agenda 30eko udalbatzarra egin da Deban

2023ko maiatzaren 19aEskola Agenda 30eko udalbatzarra egin da Deban

Urtero egiten den Eskola Agenda 30eko udalbatzarra egin dute aurten ere Luzaro ikastetxeko ikasleek. Udalak ikasleen eskaera eta proposamenei erantzun die.

Aurtengo ikasturtean Energia eskuragarria eta ez kutsatzailea gaia landu dute ikasleek Eskolako Agenda 30 programaren baitan. Egitasmo hau aurrera eramateko, Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen du, eta ikastetxeek Debako Udalaren, Ingurugelaren eta Debegesa Garapen Agentziaren laguntza dute.

Urtean zehar trantsizio energetikoa lantzeko hainbat ekintza burutu dituzte ikastetxean: besteak beste, energiarekin lotutako asmakizunak egin dituzte; ikasle batzordea osatu dute; eta energiaren inguruko eskola zein herri diagnostikoak egin dituzte.

Behin egoeraren diagnostikoa eginda, ikasleek aurkeztu dituzte ateratako ondorioak, baita euren eskaera eta proposamenak ere, herri jasangarri bat eraikitze aldera. Halaber, aurten ikasleek hainbat konpromiso hartu dituzte.

Ikasleek Udalari egindako ekarpenetatik azpimarragarrienak hauek izan dira:

· Eguzki plakadun farola gehiago jartzea

· Iluntasun gaua ospatzea eta astronomia hitzaldiak ematea jende arruntarentzat

· Iparraldeko herri batzuetan martxan dagoen aplikazio berri baten bidez kaleko argiak pizteko aukera aztertzea

· Gauez, argi minimo bat ziurtatuz, argiak sentsore bidez piztea

· Frontoi ondoko ping Pongeko mahaiaren inguruan argi gehiago jartzea

· Led bonbillak herri osoan zehar ipintzea eta eguzki plaka gehiago jartzea

· Itsaspetik Itziarrera oinez edota bizikletaz joateko bide apropos bat izatea

· Herrian zehar bidegorria jartzea

· Energia aurrezteko kanpaina egitea

· Eskolan energia aurrezteko plan bat martxan jartzea, esku-hartze bitartez energia aurrezteaz gain dirua ere aurrezteko. Azken proposamen hau, 2023-2024 ikasturtean zehar ikastetxeek eta udalak elkarlanean aurrera eramango dute, eta horretarako Euronet 50/50 metodologian oinarrituko dira.

Gilen Garcia alkateak eta Itziar Irizar zinegotziak goiko proposamenei erantzion zieten dagoeneko horretan lanean ari direla, aztertuko dutela edota ideia onak zirela eta ekintza horiek bultzatuko zituztela.

Eskolako Agenda 2030 Debabarrenean

Udaletxeekin elkarlanean, 20 urte inguru daramatza Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, eskualdean Eskolako Agenda 2030 egitasmoa sustatzen eta koordinatzen. Eskola-komunitateari zuzendutako garapen jasangarrirako heziketa programa bat da Eskolako Agenda 30. Egitasmoak hiru helburu ditu:

- Ikastetxeak ingurumen eta gizarte jardunbide egokien eredu bihurtzea.

- Ingurumen eta gizarte-arazoak identifikatzeko eta horiei konponbidea emateko gai diren ikasleak heztea.

- Partaidetza eta  ingurumenarekiko errespetua sustatzen duen hezkuntza bermatzea.

Guztira, 20 ikastetxe ari dira parte hartzen Debabarrenean Eskolako Agenda 2030 programan. Programaren baitan, hezkuntza komunitate osoari zuzendutako ekintzak antolatzen dira, ikasle, irakasle eta familiei.