Eskolako Agenda 21eko udalbatzarra egin da gaur Deban

2014ko maiatzaren 30aEskolako Agenda 21eko udalbatzarra egin da gaur Deban

Eskolako Agenda 21 programaren barruan, udalbatzar berezia egin da gaur Debako Udaletxean. Mendata eta Luzaro ikastetxeetako ikasleek elikadura iraunkorra gaia landu dute ikasturtean zehar eta euren ekarpenak eta proposamenak eraman dituzte gaur udalera.

Gaur, goizeko 11:00etan, Maider Zubikarai alkateak eta Idoia Alvarez Ingurumen teknikariak harrera egin diete Udalbatza aretoan Eskolako Agenda 21 egitasmoan parte hartu duten ikasleei. Udalbatzarrean Mendata eta Luzaro ikastetxeetako 40 ikasle inguruk hartu dute parte.

Ingurugela eta Debegesa garapen agentziaren koordinaziopean, aurtengo ikasturtean Debabarreneko ikastetxeetan elikadura iraunkorra eta osasungarria izan da landutako gaia. Egitasmoa Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen du.

Debako ikastetxeetako ikasleek herriko diagnostikoa burutu dute eta Udalera hainbat proposamen eta ekarpen ekarri dituzte.

Herrian kontsumo eta birziklapen ohitura iraunkorrak bermatzeko asmoz, ikasleek egindako gogoeta eta proposamenen artean daude, besteak beste:

  • "Askotan ez da kontuan izaten zer eta nola jaten den. Hori dela eta, elikatzeko modu desegokiek osasun arazoak dakartzate".
  • "Azokak desagertzen ari dira, bertan erosteko ohitura galtzen ari da eta ondorioz baserritarrek beraien produktuak saltzeko arazoak dituzte, beraz Udalak baserritarren merkatuak bultzatu eta dinamizatu behar ditu".
  • "Landa guneak babestea eta txukun mantentzea garrantzitsua eta beharrezkoa da".

Udal ordezkariek ikasleen eskaera eta proposamenak adi entzun dituzte eta banan-banan erantzun diete. Amaitzeko, Alkateak eskerrak eman dizkie denei egindako lanarengatik. Batzarra bukatzean, Udalak lunch iraunkor eta osasuntsu bat eskaini die ikasle eta irakasleei urtean zehar egindako lana eskertzeko asmoz.