'Eta hik zer?' antzerkiforuma otsailaren 3an Bizikidetza Batzordeak antolatuta

2022ko urtarrilaren 20a'Eta hik zer?' antzerkiforuma otsailaren 3an Bizikidetza Batzordeak antolatuta

Indarkeriak gure egunerokotasunean noraino eragin digun ikusgarri egiten duen obra bat ekarriko du herrira Bizikidetza Batzordeak: 'Eta hik zer?' Baketik Fundazioaren antzerkiforuma. Obra honen asmoa, gure bizikidetzan hausnartzea da eta 3 galdera hauen inguruan ideiak partekatzea: zer gertatu zen eta zergatik? Zer egin dezakegu orain? Zer egin dezakegu etorkizunean berriz ere errepika ez dadin?

Batzordearen ustez, aukera polita da iragana gogoratzeko, bizi izandako egunerokotasuneko gertaera batzuk aztertzeko eta aurrera begira, etorkizun partekatua bestelako ikuspegi batetik sortzeko.

Debako Bizikidetza Batzordea 2019ko abenduan aurkeztu zen, eta orduan azaldu bezala, Udaleko alderdi politiko guztien adostasunarekin, gure gertuko historian izandako giza eskubide urraketa eta sufrimenduaren inguruan lanketa egiten ari da.

Bizikidetza Batzordeak agerian jarri nahi du, gertuko iraganean bizi, sentitu eta pairatutako sufrimenduak ukaezinak direla; hortaz, hauek ezagutu, errespetatu eta aitortzea ezinbestekoa dela. Herritar ezberdinek bizi izandako Giza Eskubideen urraketak ezagutu nahi ditu, elkarri entzun eta elkarri aitortu. 

Ekitaldiari buruzko informazioa:

EGUNA: Otsailak 3.

ORDUA: 19:00-21:00.

LEKUA: Agirre Jauregi (Ispiluen gela).

HIZKUNTZA: Antzerkia euskaraz eta foruma elebitan izango da.

IZEN-EMATEA: 685 72 00 32. 

EPEA: Lekua bete arte edo otsailaren 2a.