EUROPAKO UNESCO GEOPARKEEN SAREAREN 37. KOORDINAZIO BATZARRA HASI DA EUSKAL KOSTALDEKO GEOPARKEAN

2016ko martxoaren 17aEUROPAKO UNESCO GEOPARKEEN SAREAREN 37. KOORDINAZIO BATZARRA HASI DA EUSKAL KOSTALDEKO GEOPARKEAN

Nazioarte mailako lehen bilera da UNESCOren Munduko Geoparkeen programaren izendapena jaso ondoren. Larunbatera bitarte, Euskal Kostaldeko Geoparkea geokontserbazio eta geoturismoaren epizentro bihurtuko da Europan. Europako Geoparkeen Sarea osatzen duten 69 geoparkeetako ordezkariak, UNESCOko goi ordezkariak eta nazioarteko adituak bilduko ditu. Irekiera ekitaldian izan dira Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Markel Olano, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua, Ana Oregi, eta Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietako alkateak. Arratsaldean, batzarrean bildutakoek Donostiara egingo dute bisita; Eneko Goia alkateak harrera egingo die Udaletxean, 18:00etan.

Atzo hasi eta larunbatera arte, Europako Geoparkeen Sarea osatzen duten 69 geoparkeetako ordezkariak Zumaia, Deba eta Mutrikuk osatzen duten Euskal Kostaldeko Geoparkean dira, Geoparkeen Europako Sarearen 37. Koordinazio Batzarrean parte hartzen. Bilera hau bereziki garrantzitsua da, geoparkeen arteko nazioarte mailako lehen batzarra baita UNESCOren izendapena jaso ondotik. Hain zuzen ere, pasa den azaroaren 17an onartu zuen Unescok izendapen berria sortzea, Parisen egin zuen bileran. Egunotan Geoparkean egiten ari diren batzarraren helburua da Unescoren izendapenak sortutako erronka eta aukera berrien aurrean esperientziak partekatzea eta ekimen eta jarduera bateratuen koordinazioa eztabaidatzea.

Batzarra Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, eta Itziarko Salegi jatetxean ari da egiten, Deban.

Ekimen garrantzitsu honek Europako puntu ezberdinetatik etorritako 140 parte-hartzaile inguru elkartu ditu. Sare europarreko kide diren geoparkeetako ordezkariez gainera, UNESCOko, Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasuneko (IUGS) eta Natura Babesteko Nazioarteko Batasuneko (IUCN) ordezkari nagusiak hurbilduko dira gurera. Larunbatera bitarte, Geoparkea geokontserbazioaren eta geoturismoaren epizentro bihurtuko da Europan.

Aholkulari Batzordeko kideek, 12 lagunek osatua, atzo egin zuten bilera, gaur hasi den Koordinazio Batzarraren aurretik, bertan jorratu beharreko gai guztiak prestatze aldera.

Batzarraren irekiera ekitaldia gaur egin da, 9:00etan, Salegi jatetxean (Itziar, Deba). Bertan izan dira Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Markel Olano, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailburua, Ana Oregi, Euskal Kostaldeko Geoparkeko presidente eta Debako alkatea, Pedro Bengoetxea, Europako Geoparkeen Sareko koordinatzailea, Nicholas Zouros, eta UNESCOren Munduko Geoparkeen Idazkaritzako ordezkaria, Margarete Patzak.

Bertan izan dira, halaber, Ingurumen sailburuordea, Iosu Madariaga, Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendaria, Mertxe Garmendia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria, Maite Cruzado, Zumaiako alkatea, Oier Korta eta Mutrikuko alkatea, Jose Angel Lizardi.

Albaolara eta Donostiara bisita

Europako Kultur Hiriburutzarekin lotura izango du Batzar honek. Hala, gaur arratsaldean Donostiara bisita egingo dute bildutakoek. Bertan Eneko Goia alkateak harrera egingo die Udaletxean, 18:00etan, eta Miren Azkarate udaleko Kultura zinegotziak DSS2016 ekimenaren berri emango die. Donostiara joan aurretik, Pasai San Pedroko Albaola Itsas Kultur Faktoria bisitatuko dute.

Batzarrari larunbatean emango zaio amaiera, hilak 19, Euskal Kostaldeko Geoparkeko interesgune geologiko eta kultural nagusienak ezagutzeko irteerarekin. Bisita honetan, Geoparkean egin diren kontserbazio jarduera ezberdinak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute. Amaitzeko, gure kultura eta sustraitutako tradizioak ezagutuko dituzte. Hain zuzen, Mutrikuko Miruaitz frontoian zesta-punta erakustaldi bat ikusi eta Zelai harri-jasotzailearen erakustaldiaz gozatu ahal izango dute.

Europako Geoparkeen Sarea

2000. urteko ekainean sortu zen Europako Geoparkeen Sarea (European Geoparks Network, EGN), hurrengo helburu hauekin: ondare geologikoaren kontserbazioa, herritarren artean Lurraren zientzien ezagutza bultzatzea eta geoturismoaren bidez tokiko garapen jasangarrirako ekimenak bultzatzea. Orduz geroztik, sarearen kide diren geoparkeen kopuruak gora egin du eta gaur egun mundu osoan 120 geoparke daude. Horietatik 69 Europan, 23 herrialdetan banatuta.

Sarearen azken lorpen garrantzitsua, Munduko Geoparkeen UNESCO programaren barruan sartzea izan da eta, gainera, Geoparkeak esparru honen pean egingo den lehen bilera hau antolatzeko ohorea du.