Euskal Herriko animazioaren 50. urteurrenaren testuinguruan egingo da aurtengo Animadeba zinemaldia

2022ko abuztuaren 31aEuskal Herriko animazioaren 50. urteurrenaren testuinguruan egingo da aurtengo Animadeba zinemaldia

Animadeba Nazioarteko Animaziozko Zinemaldiaren XV edizioa egingo da irailaren 7tik 10era, Deban. Debako Udalak hasieratik bultzatu du, eta urtez urte gero eta babes handiagoa lortu du, Euskal Herriko animazioaren panoraman ezinbesteko hitzordu bihurtuta. Publikoaren, zinemagileen, industriako profesionalen eta artisten topagunea da Animadeba. Aurtengoaren aurkezpenean, Aritz Larrañaga kultura zinegotziak herriari egiten dion ekarpena nabarmendu du, eta antolatzaileak eskertu ditu egiten duten lanagatik. Musika emanaldiak eta tailerrak ere egingo dira.

Programazioan haur eta helduentzako animaziozko filmak (film luzeak eta film laburrak) daude. Horrez gain, case study (kasu azterketak), aurkezpenak, solasaldiak, workshop-ak (tailerrak) eta kontzertuak izango dira aurtengoan. Sarrerak online www.animadeba.com webgunean eskuratu daitezke edota Kutxa Zurian zinemaldiaren egunetan. Ohiko sarreraren prezioa 3 euro izango da eta sari banaketakoa, berriz, 8 euro. Bonoak ere hartu ahal izango dira, 25 euroan.  

Bi sail daude Nazioarteko film labur lehiaketan: Sail Nagusia eta Zuzendari Berriak UPV-EHU saila. 

Munduko 91 herrialdetatik 1.057 film labur jaso dira, eta horietatik 20 lanek hartuko dute parte aipatutako bi sailetan. 

Aukeraketa prozesuan 15 debarrek hartu dute parte, Animadebako programatzaileekin batera. 

Aukeratuen artean, film ekoizpenen herrialdeak hauexek dira: Frantzia, Italia, Hungaria, Ingalaterra, Brasil, Rusia, Espainia eta Euskal Herria. 

Bi egun (ostiral eta larunbatean) eta saio ezberdinetan proiektatuko dira Sail Nagusian parte hartuko duten Animaziozko film laburrak: Sail nagusia I eta Sail nagusia II. 

Film guztiak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, euskarazko azpidatziekin (Filmazpiten eskutik).

Animadebak atal bat izango du zuzendari berriei eskainia, Zuzendari berriak UPV-EHU saila. Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV-EHU) eta Animadebaren arteko lankidetzari esker. Unibertsitateak bere gain hartuko du ataleko irabazlearen saria.

Lehiaketatik kanpo beste film labur batzuk ikusi ahal izango dira Panorama sailean.

Alberto Vazquez zine zuzendaria, epaimahaikide izateaz gain, Animadebaren aurtengo Gonbidatu Berezia izango da. Animadeban, bere film laburren atzera begirakoa egingo da, bere ibilbideaz hitz egiteko solasaldia egingo da.

Work In Progress sailaren barruan, 16 proiektu aurkeztuko dira animaziozko film labur eta animaziozko serie kategoriatan.

 

Euskal animazioak 50 urte

Animadebak aurten Euskal Animazioa omenduko du Euskal Herriko Animazioaren 50. urteurrena ospatuz. Bertan 1970-2020 urteetan egindako filmak ikusiko dira. 3 saiotan 53 film labur emango dira, baita animaziozko bideoklipak ere.

 

Informazio gehiago:  animadeba.com