Euskal Jaia 2015

2015ko irailaren 17aEuskal Jaia 2015

Aurtengo Euskal Jaiaren baitan hainbat ekintza antolatu dituzte Zuhatza Euskara Elkarteak eta Udalak. Zumardian berriro ere karpa ezarri da ekitaldi hauek aurrera eraman ahal izateko. Iturri ondoan programaren barruan gelditzen zaizkigun ekintzetako bik eszenatokia aldatuko dute, Plaza Zaharreko iturri ondotik Zumardiko karpara, hain zuzen. Hauekin batera, bertso jaialdi bat izango dugu; eta bukatzeko, aurtengo Euskal Jaiak girotuko du gure zumardia.

Zumardian ezarri berri den karpan hainbat ekitaldi izango dira hil honen bigarren hamabostaldian zehar. Bihar 21:30ean izango dugu lehen ekitaldia hainbat herritar sortzaileren eskutik. Aurten ere, ITURRI ONDOAN programaren barruan BEGIRADAK saio berri bat izango dugu gure artean. Oraingo honetan, testuak izan dira lehenago idatzi direnak eta testu horiei irudiak ipini behar izan dizkiete gainontzekoek. Kartela ikusi ahal izateko egin klik hemen.

Larunbatean, irailaren 19an, bertso jaialdia ospatuko da 18:30ean. Amets Arzallus, Iratxe Ibarra, Sebastian Lizaso eta Unai Iturriaga izango dira gurean. Gai jartzailea Amaia Agirre izango da eta sarrerak 8 €-tan salgai dira jada Turismo Bulegoan.

Datorren astebururako beste bi ekintza gelditzen zaizkigu. Irailaren 25ean, ITURRI ONDOAN programako ekitaldi berri bat, Ez dok Amairu-Sentikaria 21:30ean.

Azkenik, irailak 26, larunbata, Euskal Jaia ospatuko dugu debarrok. Goizean goizetik hasi eta gauerdiraino jai giro bikaina izango da Debako kaleetan, euskara eta euskal kultura nagusituz. Ekintza hauei dagokienez, bi aipamen egin nahi genituzke. Batetik, V. Marmitako Lehiaketa ospatuko da iraileko azken larunbat honetan eta parte hartu ahal izateko izena eman beharko da aurrez, irailaren 24a baino lehen, Turismo Buegoan. Bestetik, bazkari herrikoia 15:00etan izango da eta bolondresak behar dira mahaiak jarri eta antolatzeko, txotx-a antolatzeko, kafea eta kopa zerbitzatzeko ...  Guztion parte hartzeaz, Euskal Jaia aurrera!!