Euskal Kostaldeko Geoparkeak ebaluazio misioa jasoko du UNESCOren Munduko Geoparke izendapena berresteko
2026ko maiatzaren 5aMaiatzaren 11tik 13ra Geoparkeen Munduko Sareko bi ebaluatzaile hartuko ditu Debak, azken lau urteetako kudeaketa eta bilakaera aztertzeko.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak bere ibilbideko laugarren errebalida prozesuari aurre egingo dio aste honetan. Datorren igandean hasi eta lau egunez, UNESCOren Munduko Geoparke izendapenari beste lau urtez eutsiko dion ala ez erabakiko duen txostena egingo duten ebaluatzaileren bisita jasoko du Geoparkeak. Txartel berdea (“Green Card”) jokoan dago eta Deba prest dago erronkari aurre egiteko.
Aiaptu UNESCO ebaluatzaileen (Emmaline Rosado-González mexikarra eta Alexandru Andrasanu errumaniarra) bisitaren helburua da Geoparkearen azken lau urteotako aurrerapausoen azterketa sakona egitea UNESCOren Munduko Geoparke izateko baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko. Geoparkeko kudeatzaile Leire Barriuso Astigarragaren hitzetan, “Geoparkeak lau urtetan lan handia burutu du, prest gaude azterketarako; proiektu sendoa eta arrakastatsua aurkituko dute ebaluatzaileek”.
Ebaluatzaileek bertatik bertara egiazta dezaten Geoparkeko lurraldeko geologia, natura, ekonomia eta gizarte-ondarea babesteko eta balioesteko egin den lan kolektiboa, erakundeetako ordezkariekin, teknikariekin eta zonaldeko eragile ezberdinekin elkartuko dira eta geoparkeko interesgune nagusiak bisitatuko dituzte, egitarau mardul bati jarraituz.
Bertan gozo gelditzerik ez
Euskal Kostaldeko Geoparkea 2010az geroztik da UNESCOren Munduko eta Europako Geoparkeen Sareko kidea. Sarean dauden kide guztiek errebalida prozesu zorrotza igaro behar dute, lau urtetik behin, irizpide egokiekin lan egiten dutela ziurtatzeko. Izendapen hau lau urterako eskuratzen dute eta, epe hau igarota, berriro aztertzen da Geoparkearen jarduna, garapen iraunkorrari dagokionean edota balio geologiko eta kulturalen gizarteratze eta kontserbazioari dagokionean.
Ohi bezala, azterketaren emaitza udazkenean emango dute ezagutzera.