Euskal Kostaldeko Geoparkeko itsaslabarren garbiketa auzolanean

2022ko apirilaren 29aEuskal Kostaldeko Geoparkeko itsaslabarren garbiketa auzolanean

Labarretan pilatutako hondakinak eta plastikoak biltzeko garbiketa datorren maiatzaren 29an egingo da, igandez, Deba-Zumaia Biotopoan, Elorriaga inguruko labarretan (Itziar-Deba).

Europako Geoparkeen astearen baitan, Deba eta Zumaia arteko itsaslabarretan garbiketa antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Labarretan pilatutako hondakinak eta plastikoak biltzeko garbiketa datorren maiatzaren 29an egingo da, igandez, Deba-Zumaia Biotopoan, Elorriaga inguruko labarretan (Itziar, Deba). 

Ekimenaren helburua da herritarrak ingurune horrek duen ingurumen balioaz jabetzea eta kontzientziazio lan horretan auzolanaren bitartez partaide aktibo bihurtzea.  Horregatik, Geoparkeak deialdia egin nahi die Debako, Mutrikuko eta Zumaiako zein inguruko herritarrei gure ondare naturala zaindu beharraren garrantziaz ohartaraztea helburu duen ekintza honetan parte har dezaten (ekintzak ez dauka gutxieneko adina, baina kontuan hartu behar da arroketan ibiliko garela).

Ez da hau izango helburu berberarekin datozen hilabeteetan Deban egingo den ekimen bakarra, izan ere, Debako Udalak sustatuta, udan, udalerriko hiru ur-gunetan, itsasoan, ibaian (itsasadarra), eta hondartzan, hondakinak, eta bereziki plastikoa jasotzeko deialdiak egingo dira, beste hainbat ekimenekin osatutako programa baten barruan. 

Goizeko 08:30ean autobusa aterako da Debako Zumarditik boluntarioak Elorriagaraino eramateko, bertatik jaitsiko baikara labarretara. Bestalde, talde bat antolatuko dugu gidari batekin Zumaiatik oinez joateko. Kotxez ere gerturatu daiteke Elorriagara baina kontuan izan, aparkalekua mugatua dela. Talde horrentzako irteera puntua Elorriagako San Sebastian Ermita izango da goizeko 09:00etan. 

Euskal Kostaldeko Geoparkeko ordezkariek garbiketan parte hartuko duten boluntarioen lana bideratu eta zuzenduko dute. Hiru orduko lana izango da eta ondoren, zakuak helikopteroz igoko dira Elorriagara. Garbiketan parte hartzeko interesa duten guztiek izena eman behar dute aurrez,  labur.eus/garbiketa2022 helbidean.