Euskararen aldeko apustua indartu du Debako Udalak hizkuntzaren ikaskuntzarako laguntza berriekin
2025ko irailaren 5aDeialdi berriak 2024-2025 ikasturtean euskara ikasi dutenentzako dirulaguntzak eta 2025-2026 ikasturtean hizkuntza ikasten hasteko bekak jasotzen ditu. Bi laguntzak eskatzeko epea irailaren 30ean amaituko da.
Debako Udalaren helburu nagusietako bat da herritar guztiei euskararako sarbidea erraztea eta horri lotuta, euskara ikasi edo maila hobetu nahi duten pertsonei zuzendutako dirulaguntza deialdi berria jarri du abian.
Udalak euskararen erabileraren normalizazioarekin duen konpromisoa berresten du eta hizkuntzaren ikaskuntza sustatu eta bultzatzeaz gain, euskara ikasterakoan pertsona askok aurkitzen dituzten oztopo ekonomikoei aurre egiten laguntzea du xede.
Hala, deialdiak bi laguntza lerro bereizten ditu: batetik, 2024-2025 ikasturtean euskara-ikastaroak egin dituztenei eskainitako dirulaguntzak; eta, bestetik, 2025-2026 ikasturtean 60 orduko AISA ikastaro baten bidez euskara ikasten hasi nahi dutenentzako bekak, azken hauek bereziki egoera ekonomiko ahulean dauden pertsonei zuzenduta.
DEIALDIA
2024-2025 ikasturteko euskara ikasleentzako dirulaguntzak
Laguntza-lerro hau Deban erroldatuta dauden eta 2024-2025 ikasturtean euskara ikastaroetan matrikulatuta egon diren pertsonei zuzendua dago. Helburua da euskara ikasteko urratsa eman dutenei laguntzea, matrikularen kostu osoa edo zati bat ordainduz.
Dirulaguntza horiek jaso ahal izateko, beharrezkoa da ikastaroa HABEk homologatutako zentro batean egin izana (aurrez aurrekoa, autoikaskuntzakoa edo mistoa), gutxienez saioen % 75era joan izana, aprobetxamenduaren aldeko txostena eskuratzea eta aurreko bi urteetan maila horretarako laguntzarik jaso ez izana.
Laguntzaren zenbatekoa aldatu egiten da egindako mailaren arabera:
A1, A2, B1 eta B2 mailetarako matrikularen % 100 beteko da, 900 euroko mugarekin.
C1 mailarako, 500 euro arte.
C2 mailarako, matrikularen % 75 arte, 400 euro gehienez.
DIRULAGUNTZEN OINARRIAK
2025-2026 ikasturteko hastapen-ikastaroetarako bekak
Pertsona askok arrazoi ekonomikoengatik euskara ikasten hasteko pausoa ematen ez dutela jakinda, Udalak bereziki egoera ahulean daudenentzako beka lerroa bultzatu du.
Beka hauek Deban erroldatutako pertsonei zuzenduta daude, 2025-2026 ikasturtean 60 orduko AISA ikastaroa egin nahi dutenentzat hain zuzen. Beka eskuratzeko, 16 urte edo gehiago izan behar dira, HABEk homologatutako zentro batean matrikulatu behar da eta honako egoera hauetakoren batean egon: Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) onuradun izatea, errenta-aitorpena aurkeztetik salbuetsita egotea, edo Udaleko Gizarte Zerbitzuen txosten bat izatea, kalteberatasun-egoera egiaztatzen duena.
Bekak matrikularen kostuaren % 100 estaliko du, eta, horrela, inor ez da euskara ikasi gabe geratuko baliabide ekonomikorik ez duelako.
BEKEN OINARRIAK
Eskaerak aurkezteko epea eta informazio gehiago
Dirulaguntzak eta bekak jasotzeko eskabideak irailaren 30era bitartean aurkeztu ahal izango dira. Izapideak aurrez aurre egin daitezke Udalean bertan edo elektronikoki Udalaren Erregistro Orokorraren bidez.