Euskararen transmisioan laguntzeko gurasoei zuzendutako infografiak prestatu dituzte Debabarreneko udalek

2019ko irailaren 18aEuskararen transmisioan laguntzeko gurasoei zuzendutako infografiak prestatu dituzte Debabarreneko udalek

Gurasoek sarri izaten dituzte hizkuntzen ikaskuntza prozesuaren eta erabileraren inguruko zalantzak eta kezkak. Horregatik, Debabarreneko udalok gurasoentzat lagungarri izan daitekeen materiala prestatu dugu, oraingo honetan Infografia formatuan.

Txikitatik hizkuntza bat baino gehiago ikastea onuragarria da, eta gainera, umeek erraz-erraz ikas dezakete hizkuntza bat baino gehiago aldi berean. 

Gure herrietako ume guztiek dakite euskara. Izan ere, guraso ugarik hizkuntza gorde edo ikasi dute eta orain seme-alabei transmititzeko ahalegina egiten dute. Beste askok, berriz, jatorriz erdaldunak izan arren, euskara ikasi eta garatzeko aukera eman nahi diete seme-alabei horientzat aberasgarria delako. 

Bi infografia prestatu ditugu, bata euskaraz (Euskaratik eleaniztasunera), eta bestea, gaztelaniaz (Desde el euskera al plurilingüismo). Euskarazkoa eta gaztelaniazkoa ez dira erabat berdinak, euskarazkoa euskaraz dakiten gurasoen kezka eta beharrizanei begira prestatu baitugu, eta gaztelaniazkoa, berriz, euskaraz ez dakitenen beharrei begira.

Material hau eskoletan ere erabiltzea nahi genuke, irakasleek gurasoekin egiten dituzten bileretan bereziki, oso lagungarri izan daiteke eta euskarak eleaniztasunerako bidea errazten duela erakusteko. 

Whatsaperako bertsioak ere prestatu ditugu mezua ahalik eta gehien zabaltzeko. 

Debabarreneko udalok (Elgoibar, Mendaro, Eibar, Mutriku, Soraluze eta Deba), publizitate eta diseinua lantzen duen Eibarko Estilográfico enpresaren laguntza izan dugu infografiak egiterako orduan.

Une eleanitzen gurasoentzako eskuliburua

0-6 urte ume elebidunen gurasoentzako gida