Euskarazko aisialdi eskaintza osatzeko 'proposatu ikastaro bat'

2022ko martxoaren 25aEuskarazko aisialdi eskaintza osatzeko 'proposatu ikastaro bat'

Hurrengo ikasturteko 'Gozatuz aisialdia euskaraz' egitasmoaren programa osatzeko herritarrei intereseko dituzten ikastaroak proposa ditzaten eskatu nahi die Udalak. Apirilaren 8ra arteko epean jasoko dira proposamenak Udal liburutegian, Udaletxeko harreran, Turismo bulegoan eta Gaztelekuan jarriko diren esku-orrietan. On-line ere egin daiteke, lotura honetan: https://forms.gle/419E7NSprfQc1N6j7.

Ekimenaren helburua da herriko neska-mutilei euskararen erabilera sendotzeko eta bermatzeko eskolaz kanpoko jardueren programa bat eskaintzea, gozamenetik eta gozamenerako. Eskolarekin ez ezik, aisialdiarekin eta kalearekin, lagunartearekin eta taldekidetasunarekin ere lot dezaten. Jarduerak aukeratzerakoan, beraz, hitza dugu ardatz; hizkuntza. Guraso eta helduei ere eskaintza berezia egiten zaie. 

Deban baditugu aisialdia betetzeko urteetan finkatu izan diren jarduerak: kirola, pintura, musika, dantza… Orain arte eskaini izan diren jarduera hauek herrian zegoen hutsuneak edo beharrak asetzera etorri dira. Egia da, ordea, eskaini diren heinean sortu izan dela eskaera ere.

Hori kontuan izanda, eta jakinik jarduera horietan guztietan herriko jende mordoa ibiltzen den arren badirela beste batzuk jarduera horietatik kanpo geratzen direnak, aisialdirako jarduera berriak proposatzera gatoz. Aisialdi gozagarri bat; euskara oinarri hartuta, emaitzari baino, prozesuan sortuko diren emozioei eta bizipenei begiratuko diena.

Hona azken urtean eskaini diren jarduerak: antzerkia, argazkilaritza, pintura, sukaldaritza, robotika, egur tailla, zeramika… Jakin nahi dugu, ordea, ze beste ikastaro egingo luketen gustura herritarrek. Jakin nahi dugu DBH eta Batxillergoko ikasleei, gaur egun dagoenaz gain, eskolaz kanpo, ze jarduera egitea gustatuko litzaiekeen.