FederArte Electrorock Festibala irailaren 7an egingo da Deban

2019/09/05
Pasa den astelehenean aurkeztu zuten Deban FederArte Elektrorock jaialdiaren bigarren edizioa. Surfa, kultura, ingurumenarekiko konpromisoa eta kirol inklusiboa uztartu eta sustatzea helburu duen festibala da, eta irailaren 7an egingo da Deban.

Gipuzkoako Surf Federezioak FederArterekin lehiaketen formatua berritu zuen, eta ordutik, surf txapelketak surfa eta surf-kulturaren eszenatoki paregabe bilakatu dira. Helburua harremanak estutu, surflarien komunitatea indartu eta surfaren kultura Euskal Herriko kulturan kokatzea da. Horretarako, ardatz garrantzitsuak landu dituzte, gainera: berdintasuna, ingurunearen zainketa eta kirol inklusiboa.

Deban bigarrenez egingo da FederArte Elektrorock Festibala; eta datorren asteko larunbatean, irailaren 7an, kirol-, musika- eta kultur-ekitaldi ugari izango ditugu herrian.

Pasa den asteleheneko prentsaurrekoan, Gipuzkoako Surf Federazioko lehendakariak, Maialen Saezek, honela hasi zuen aurkezpena: “Debakoa balio anitzeko hondartza da, kategoria ezberdinetako probak egiteko aukera eskaintzen du; hala nola, Euskadiko surf zirkuitua, olatu erraldoien txapelketa edota Yakori esker ezaguna dugun euskal SUP Race lehiaketa. Zurrunbilo surf elkarteari eta Debari eskerrak eman nahi dizkiot, herriko antolatzaile ezberdinen inplikazioagatik: plazera da mota honetako jaialdi bat antolatzeak suposatzen duen esfortzua balioan jarri eta laguntza eskaintzen digutenekin lan egitea”.

FederArte surflari komunitatearen elkartasun eta lotura erreminta gisa sortu zen. Gure federatuak dira proiektuaren ardatz: lehiakide, artista, musikari, argazkilari, idazle … denok gara proiektu honen parte, eta Federaziotik, eskerrak eman nahi dizkiet horiei guztiei, denon lanari esker ari baikara emaitza onak lortzen. Bestalde, Debako herritarrak irailaren 7rako antolatu ditugun ekitaldietan parte hartzera gonbidatu nahi ditut”, azaldu zuen Saezek.

Egitaraua

  • 09:00etan: Iruleak Emakume Pilotariak + Emakumea Surflari ikastaroa (frontoian eta hondartzan).
  • 10:45ean: FederArte Market (Arrantzale kalean)
  • 11:00etan: Checking. Yako Euskal Herriko SUP Race Txapelketa
  • 11:30ean: Artea + Zero Plastic performance DEBANATURAren eskutik
  • 12:00etan: Yako Euskal Herriko SUP Race Txapelketaren hasiera
  • 14:30ean: sari banaketa
  • 16:00etan: Surf inklusiboa GAITUZSPORT eta Axi Muniainekin
  • 18:00etan: ipuin kontaketa Debako kontalarien eskutik (hondartzan, emakume surflariaren muralaren azpian)
  • 18:30ean: DJ Unia (Arrantzale kalean)
  • 20:30ean: The Associados kontzertua Ondargain tabernan
  • 21:30ean: FederArte afari herrikoia Ondargainen (15€, izen-ematea irailaren 1a baino lehen tabernan bertan)
  • 23:30ean: No Wolf kontzertua (Arrantzale kalean)
  • 00:00ean: DJ Anwolt & Xiarroman (Arrantzale kalean)

Iturria: Gipuzkoako Surf Federazioa

Argazkia: Noticias de Gipuzkoa