Festetarako plazaren muntaketa hizketagai izan du udalbatzak ohiko osoko bilkuran

2022ko apirilaren 1aFestetarako plazaren muntaketa hizketagai izan du udalbatzak ohiko osoko bilkuran

Martxoaren 31n bildu da Debako udalbatza ohiko osoko bilkuran. Hainbat gai landu ditu, esaterako ogasunari lotutako hainbat, San Roketan jartzen den plazaren inguruan ere aritu da, eta pentsionistek aurkeztutako mozioa onartu da.

San Roke festak prestatzen hasi da Udala, eta tartean muntatzen den plazaren gaia ere kudeatzen hasi da. Urtero hobekuntzak egin behar izaten zaizkio udalak jabetzan duen plazari, arauak bete ditzan, eta homologatu dezaten. 2019an muntatu zen plaza azkenekoz, eta zailtasunak egon ziren hura homologatzeko. Horregatik, eta gaia kudeatzeko, lan-batzordea osatzeko proposamena egin zuen Udal Gobernuak eta bi bilera egin ditu honezkero. 

Aukera desberdinak aztertu dira eta bi proposamen egin dira. Horiek aztertu dituzte udal teknikariek, eta bi aukeren aldeko eta kontrako elementuak baloratu dituzte. Azterketa horretan onura gehiago ikusten zaizkio plaza berria erosteari. 

Bi aukerak eraman ziren plenoan aztertzeko. Batetik, orain arte muntatu den plaza ingeniaritza batek aztertzea eta egin beharreko aldaketak eginda muntatzea. Eta beste aukera plaza modular berria erostea, beste leku batzuetan erabiltzeko aukera emango lukeena, eta hasieratik pertsonen segurtasuna bermatuko lukeena. 

Udal Gobernuak azken aukeraren alde egin du, segurtasunagatik, eta ez dagoelako bermatuta plaza zaharra muntatzerik egongo den behar den garairako, eta hori homologatzeak izan dezakeen kostua ere ezin delako aurreikusi. Debarren Ahotsak eta EAJ-PNVk, berriz, plaza zaharraren aldeko hautua egin dute, eta haien botoekin hori onartu du udalbatzak. 

Landutako beste gaien artean, Ogasunari lotutako hiru gai aztertu ditu udalbatzak eta hiruak aho batez onartu. Batetik, 2022. urteko lehenengo kreditu aldaketa egin da, 347.000 eurokoa. Hirilurren balio gehikuntza arautzen duen Ordenantzaren aldaketari dagokionez (Plusbalia), Udalak aurretik Ordenantzan ezarrita daukan portzentajea mantentzea erabaki da. Azkenik, Iruzurraren eta ustelkeriaren aurkako politikaren plana onartu da. 

Arbil Jubilatu eta Pentsiodunen Elkarteak eta Deba-Itziarko Pentsiodunen Batzarrak aurkeztutako mozioa onartu da. Banka publikoa eskatzen dute bi printzipio hauen arabera: 

• Gehien duenari gehiago kobratzea, eta kudeaketaren kostua zerbitzu horretaz gehien baliatzen direnei egoztea. 

• Behar den arreta presentziala ematea, bezeroek arreta hori jaso dezaten. Kontuak eta ordainagiriak kudeatzean sortzen zaizkien arazoei erantzun behar badiete. 

Eta horietan oinarrituta hainbat eskaera egiten zaizkio Udalari.