Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira omenaldi ekitaldia antolatu du Debako Bizikidetza Batzordeak

2025ko abenduaren 9aGiza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira omenaldi ekitaldia antolatu du Debako Bizikidetza Batzordeak

Ekitaldia bihar izango da, abenduak 10, 19:00etan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan. ● Bertan omenaldia egingo zaie Debako eta Getariako indarkeria politikoaren biktimei eta justizia eskatuko da Josu Zabala Salegiren kasurako.

Bihar, abenduak 10, Debako Bizikidetza Batzordeak omenaldi ekitaldi bat egingo du Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Hitzordua 19:00etan izango da, Debako udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Ekitaldiaren helburua da indarkeria politikoaren biktimak aitortzea eta omentzea, bereziki ETAk Deban eta Getarian erail zituenak. Josu Zabala Salegiri ere aiatortza berezia egingo zaio, oraindik ez baita erabat argitu haren heriotza.

Biktimen omenezko ekitaldia

Ekitaldia Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren hariraa antolatu da, Debako eta Getariako indarkeria politikoaren biktimei omenaldia egiteko eta oraindik argitu gabe dauden kasuak gogoratzeko eta justizia eskatzeko, hala nola Josu Zabala Salegirena.

Ekitaldian, beraz, honako biktimak omenduko dira: Carlos Arginberri Elorriaga, Manuel Albizu Idiakez eta Benito Arroyo Gutiérrez, ETAk Deban eta Getarian hil zituenak. Era berean, Josu Zabala Salegiren kasua nabarmenduko da eta horren harira, haren heriotza argitzeko ikerketak egiten jarraitzeko eskaera luzatuko dio beste behin Debako Bizikidetza Batzordeak Eusko Jaurlaritzaren Motibazio Politikoko Garaiko Giza Eskubideen Urraketen Balorazio Batzordeari. 

Debako Bizikidetza Batzordea

Debako Bizikidetza Batzordea 2017an sortu zen, tokiko gatazkak modu baketsuan ulertu eta konpontzeko. Batzorde horrek hainbat ekimen antolatu ditu urteetan zehar bizikidetzaren, giza eskubideen errespetuaren eta memoria historikoaren garrantziaz sentsibilizatzeko.

Batzordearen helburua da bakearen eta adiskidetzearen kultura sustatzea, indarkeria- edo diskriminazio-egoerak bizi izan dituzten pertsona guztien errealitateak ikusaraziz. Giza Eskubideen Nazioarteko Eguneko ekitaldiaren moduko jardueren bidez, batzordeak Debako herritar guztien arteko bizikidetza bidezkoago eta errespetuzkoago baten aldeko sentsibilizazio- eta konpromiso-lanarekin jarraitzen du.