Gizarte Zerbitzuetan pandemian sortu diren zerbitzu berriak mantentzea da Udal Gobernuaren 2022ko aurrekontuetarako proposamenaren ardatz nagusietako bat

2021/12/03
Udazkena iristearekin batera hasi du Udal Gobernuak 2022ko aurrekontuen lanketa. Azaroan ekin zaie alderdiekin eta auzo udaleko ordezkariekin egin beharreko lan-bilerei. Datorren astean azken ekarpenak jaso eta, Ogasun Batzordetik pasa ondoren, asmoa 2022ko aurrekontuak abenduko osoko bilkuran onartzea da.

2019an osatutako Gobernu Planeko ardatzak (udal antolaketa, gizarte zerbitzuak, tokiko garapena, kultura eta herri ondarea, eta berdintasuna eta parte-hartzea) oinarri hartuta landu da proposamena.

2022ko aurrekontuetarako kontuan hartu diren irizpide nagusienetarikoak honakoak izan dira: Gizarte Zerbitzuetan orain arte txertatutako zerbitzu berriak indartzea, Udalaren antolaketa txukuntze bidean pausoak ematea, herriko beharrizanetan lehentasunak markatzea, eta, bereziki, Kultura eta Partaidetza sustatzea.

Datorren urteko jardunerako pandemia aurreko zifrak berreskuratu nahi izan ditu Kulturan Gobernuak. Horrez gain, adibidez, Tene Mujika hil zela 40 urte bete diren honetan, urte osoan zehar hainbat ekintza antolatzen hasita dago udala, arlo ezberdinak batuz (Kultura, Euskara, Berdintasuna…) eta Mujikaren jarduna gogora ekarriz (olerkigintza, prentsa, euskara…).

Partaidetzan, berriz, 2020an Partaidetza Batzordeko kideek GFAko teknikariekin hasitako ibilbideari jarraipena eman zaio Itziar Gonzalez urbanistak gidatutako prozesuan, eragile, udal langile eta dinamizatzaileekin batera. Eta, aurrerantzean ere, horixe izango da asmoa, kultura parte-hartzailea errotu eta ohitura berriak sustatzeko lanari segida ematea. 

Eragileek eta, azaro bukaeran egindako tailerretan, herritarrek egindako ekarpenak oinarri hartuta, lehentasunezko gaiei helduko zaie (kultur-gune baten beharra, etxebizitzak, hirigintza inklusiboa…) Dagigun partaidetza gunean lantzeko. Arlo honekin lotuta, Europako Funtsetarako hautagai izan daitekeen Zumardiari buruzko oinarrizko proiektua prestatuko da, tailerretan jaso diren ekarpenak kontuan hartuta.

Udal antolaketan, elkarlanean jarraituko du Gobernuak bai alderdiekin eta auzo udalarekin, eta baita eragileekin ere. Horrez gain, proiektu berriak ere landu eta martxan jarri nahi ditu, ludoteka, esaterako.

Inbertsioei dagokienez, denetarikoak izango dira: Errotazar zelaiko belar artifiziala aldatzea, udal kiroldegian eguzki plakak instalatzea, plastiko bilketa kanpaina abian jartzea, asfaltatze lanak egitea, azoka ikasteko gune izan dadin birmoldatzea…