Herritarrek aukeratuko dute Debako I. eskultura sariketako irabazlea

2018ko ekainaren 6aHerritarrek aukeratuko dute Debako I. eskultura sariketako irabazlea

Debako I. eskultura lehiaketako irabazlea aukeratzea herritarren esku utzi du epaimahaiak. Aurrez aurre edo www.deba.eus web orrialdearen bitartez bozkatzeko aukera egongo da datorren astean zehar.

Iazko mural/grafiti lehiaketaren antzera, aurten eskultura onena saritzeko prozesua jarri du martxan Udalak. Ekimen horri esker, herrian arte garaikidea sustatu nahi da, eta aldi berean, sortzaileei parte hartzeko aukera luzatzea bilatzen da. Eskultura Debako eskoilera bukaeran kokatuko da; horrela, espazio publiko horren itxura hobetu eta erakargarriagoa eginez.

Duela aste pare bat, hilaren 25ean, amaitu zen Debako I. eskultura lehiaketan izena emateko epea, eta guztira 15 proiektu aurkeztu dira. Eskultura onenaren hautaketari dagokionez bi fase bereizi ditu sariketak.

Lehen fasean, epaimahaia izan da protagonista; sormen, originaltasun eta kalitate irizpideei jarraiki egin du bere hautaketa. Izan ere, parte hartzeko interesa erakutsi duten 15 artisten lanetatik 9 aukeratu ditu, azken erabakia herritarren esku utziz.

Bigarren fasean, aldiz, herritarrena izango da hitza, lehen aukeraketa horretatik eskultura onena zein den erabaki beharko dute eta. Bozka eman ahal izateko, epaimahaikideek aukeratutako lanak eskulturasariketa.deba.eus webgunean eta udaletxeko pleno aretoan egongo dira ikusgai ekainaren 8tik aurrera. Bozkatzeko bi aukera egongo dira; batetik, aurrez aurreko bozketa 2018ko ekainaren 8, 9 eta 10ean; eta bestetik, online, ekainaren 8tik 15era bitartean.

Aurrez aurreko bozketak honako ordutegia izango du: ostiralean arratsaldez (18:00-20:00), larunbatean goizez eta arratsaldez (12:00-14:00 eta 18:00-20:00), eta igandean, goizez (12:00-14:00). Interesatuek udaletxeko pleno aretora jo beharko dute asteburu honetan zehar. Bestalde, ostiraletik aurrera eta datorren asteko ostiralera (ekainaren 15era) bitarte astebete izango dute herritarrek Udalaren web orriaren bitartez bozkatzeko.

Irabazlearen izena 2018ko ekainaren 22an argitaratuko da, eta zuzenean 4.000 €-ko ordaina jasoko du. Aurkeztutako artelana exekutatzeko gehienez 3 hilabeteko epea izango du, eta amaitutakoak aurkeztutako bozetoarekin bat etorri beharko du. Behin lana eginda, zuzen exekutatuta eta amaituta dagoela ziurtatuko du epaimahaiak, eta orduan jasoko ditu irabazleak gainontzeko 2.000 euroak.