Inauteriak ate joka daude Deban!
2026ko otsailaren 3aOtsailaren 7tik 17ra bitarte, jai koloretsuak ospatuko dira Deban. Horretarako, Udalak adin guztientzako pentsatutako ekintza-egitarau zabal bezain anitza antolatu du; besteak beste, musika, kalejirak, desfileak, jolasak eta talent show-a izango dira protagonista. Era berean, otsailaren 14ean, larunbata, goizeko 12:30ean, mozorro-lehiaketa ospatuko da Foruen plazan, herritarren parte-hartzea eta jai-giroa sustatzeko.
Debako kaleak jai-giroz beteko dira aurten ere Inauterien ospakizunarekin. Aurtengo ospakizunak otsailaren 7an hasiko dira eta otsailaren 17ra arte luzatuko dira, eta bitarte horretan, Debako Udalak egitarau anitz bezain zabala prestatu du, adin guztietako herritarrei zuzenduta.
Otsailaren 7an emango zaio hasiera egitarauari Kaldereroen desfilearekin, iluntzeko 19:30ean. Ohitura bilakatu den ekitaldi honek ongietorria emango die inauteriei, herriko kaleak girotuz. Desfile honen antolakuntzan herriko hainbat taldek parte hartzen dute, hala nola Kalean Kantuz, Aitzuri abesbatza, Zuhatza elkartea eta Gure Kai dantza taldea.
Astebete geroago, otsailaren 12an, osteguna, Deba Musikaleko ikasleek eta irakasleek hartuko dute lekukoa. 17:00etan hasiko den kalejiraren bidez, herriko kaleak musikaz eta alaitasunez beteko dituzte.
Otsailaren 13an, ostirala, musikak eta jolasek izango dute protagonismoa. Egun horretan, Deba Musikaleko Banda Txikia kalez kale arituko da 17:00etatik aurrera, eta jarraian, Tulun-tulun danba! Inauterietako ekintza eta batukada Kolore Anitz-en ekutik Foruen plazan, 18:00etan hasita. Jarduera hauek, gaztetxoen parte-hartzea sustatzeaz gain, belaunaldi desberdinen arteko loturak indartzen dituzte.
Inauterietako egun handia otsailaren 14a, larunbata, ospatuko da. Goizeko 10:00etan, txistulariek abiatuko dute eguna, kalez kale, festa giroa zabaltzen. Jarraian, 11:00etatik aurrera, mozorro-lehiaketan eta desfilean parte hartzeko izen-ematea irekiko da Foruen plazan, eta handik gutxira, 12:30ean, inauteri-desfilea hasiko da Agirre Jauregitik, Debako Musika Bandaren eskutik. Ibilbidea ohiko kaleetatik igaroko da, eta kaleetako kolore eta irudimenezko mozorroek herria alaituko dute. Arratsaldean, festak jarraituko du. 18:00etan, Ustekabe txaranga kalera aterako da, musikarekin eta alaitasunez herriko kaleak girotuz. Eta 19:30ean, ekitaldirik esanguratsuenetako bat iritsiko da: mozorro-lehiaketako sari banaketa. Momentu horretan, parte-hartzaileek euren lana eta sormena aitortua ikusteko aukera izango dute. Ondoren, 20:00etan, GOZATEGI taldearen kontzertua izango da Foruen plazan, eta inauterien egun nagusiari amaiera ezin hobea emango dio.
Azkenik, otsailaren 17an, asteartea, Gaztelekuak hartuko du protagonismoa, gazteen sorkuntza eta trebezia agerian uzteko asmoz. 17:00etan, Talent Show bat egingo da Aldats pilotalekuan, publiko guztientzat irekia, festa itxiera dibertigarri eta parte-hartzailea izan dadin.
Mozorro lehiaketa, otsailaren 14ean, Foruen plazan
Aurrez aipatu bezala, otsailaren 14ean mozorro-lehiaketa ospatuko da. Lehiaketa herritar orori zuzendua da eta banaka edo taldeka parte hartu ahal izango da.
Izen-ematea otsailaren 13ra arte egin ahal izango da Turismo Bulegoan (943 192 452 / turismoa@deba.eus) edota egunean bertan, 11:00-12:00 artean Foruen plazan. Egunean bertan, desfilea egingo dute 12:30ean, Agirre Jauregitik abiatuta, Foruen Plazaraino, Astillero kalea, Lersundi kalea, San Roke kalea, J.M. Ostolaza kalea, Plaza zaharra eta Itur kalea gurutzatuz. Amaieran, Foruen plazako eszenatokian argazkia atera beharko dute.
10 sari, adinaren arabera banatuta
Irabazleak epaimahaiaren eta herritarren botoen bidez hautatuko dira; azken hauek 14:00-15:00 artean bozkatu ahal izango dute udaletxeko arkupetan jarriko diren hautetsontzietan. 16 urtetik gorakoen sarietan 16 urtetik gorakoek bozkatu ahalko dute eta 16 urtetik beherako sarietan, aldiz, 16 urtetik beherakoek. Bi kasuetan, banakako nahiz taldekako mozorroak bozkatzeko aukera izango da. Berrikuntza gisa, aurten 16 urtetik gorako eta beherako pertsonek osatutako talde mistoek kategoria propioa izango dute. Sariak 19:30etan banatuko dira Foruen plazan, eta parte-hartzaile bakoitzak sari bakarra jaso ahal izango du.
Guztira hamar sari izango dira, adinaren arabera banatuta:
16 urtetik gorakoak:
Taldeka:
Epaimahaiaren saria: 200 euroko bonoa ATOZTE tabernan.
Herritarren saria: 200 euroko bonoa IZENBE tabernan.
Banaka:
Epaimahaiaren saria: 100 euroko bonoa ALVAREZ tabernan.
Herritarren saria: 100 euroko bonoa ALVAREZ tabernan.
16 urtetik beherakoak:
Taldeka:
Epaimahaiaren saria: 100 euroko bonoa LOREA tabernan.
Herritarren saria: 100 euroko bonoa OSKARBI tabernan.
Banaka:
Epaimahaiaren saria: 50 euroko bonoa LOREA tabernan.
Herritarren saria: 50 euroko bonoa OSKARBI tabernan.
Talde mistoak (16 urtetik gorako eta 16 urtetik beherako pertsonez osatutako taldeak):
Epaimahaiaren saria: 200 euroko bonoa ARBIL tabernan.
Herritarren saria: 200 euroko bonoa ZALBURDI tabernan.
Sari guztiak abenduaren 31ra arte erabili ahal izango dira.
Debako Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu antolatutako ekitaldietan parte hartzera eta jai giroa elkarbizitzaren, errespetuaren eta sormenaren bidez ospatzera.