Indarkeria politikoa eta giza eskubideen urraketak ardatz dituen erakusketa jasoko du Debak, Memoriaren Egunaren harira

2025ko azaroaren 5aIndarkeria politikoa eta giza eskubideen urraketak ardatz dituen erakusketa jasoko du Debak, Memoriaren Egunaren harira

Debako Bizikidetza Batzordeak antolatuta, Lasarte-Oriako Bizikidetza Taldeko erakusketa egongo da ikusgai azaroaren 10etik 24ra bitartean Santa Maria Klaustroan. Horrez gain, datozen hilabeteetan hainbat ekimen eramango dira aurrera udalerrian, azaroaren 10ean ospatuko den Memoriaren Egunaren harira.

Datorren azaroaren 10ean, Memoriaren eguna da, motibazio politikoko Indarkeria eta terrorismoaren biktima guztiak gogoratzen diren eguna, alegia. Egun horretan, Giza Eskubideen urraketak bizitu/sufritu izan dituzten herritarrak gogoratu eta aitortzen dira. Modu honetan, bizi izandakoa gogora ekartzen da, inork ahaztu ez dezan. 

Horri lotuta, Deban 2017tik lanean dagoen Bizikidetza Batzordeak hainbat ekimen antolatuko ditu datozen hilabeteetarako, askotan itzalean gelditu den errealitate anitz eta zabala ezagutarazi eta gizarteratzeko. 

Adierazpen Instituzionala

Udaleko alderdi guztien adostasunarekin, udal bezala adierazpen instituzional bat onartu zen joan den urriko osoko bilkuran, indarkeria politikoa eta terrorismoaren testuinguruan izandako biktima guztiak aintzat hartuaz.

Lasarte-Oriako Bizikidetza Taldearen erakusketa:

Horrez gain, azaroaren 9an, igandean, Santa Maria klaustroan erakusketa bat irekiko da indarkeria politikoak eragindako giza eskubideen urraketak eta garai haiek gogoratzen dituena. Lasarte Oriako Herritar Foroak sortutako erakusketa izango da eta helburu izango du garai hartan bizi izandako gertakariak ezagutaraztea eta herritarrei bistaratzea. 

Herritar foroak, kasu gehienetan, udal ezberdinek sustatutako taldeak dira, ideologia ezberdina duten herritarrak elkartu eta indarkeria politikoak eta terrorismoak beraien bizipenetan izandako eraginaren inguruan hitz egiten dute. Lasarte-Oriako kasuan, urteak daramatzate elkartzen eta lan horren adierazgarri da erakusketa bera.

Irekiera ekitaldia, goizeko 12:00etan izango da eta azaroaren 10etik 24ra bitartean egongo da ikusgai, 10:00-13:00 eta 18:00-20:00 ordutegian. Sarrera librea izango da eta Debako herritar oro gonbidatuta dago erakusketa ezagutzera.