Inma Alberdi Erausquin debarrak diseinatutako kartela izango da 2025ko San Roke jaien irudia
2025ko uztailaren 11aEpaimahaiak aukeratutako 3 proposamenetatik Inma Alberdi Erausquinek aurkeztutakoa izan da herritarrek gehien bozkatu dutena. Kartelaren egileak, jaietako elementu klasiko eta, aldi berean, adierazgarrienetarikoa nabarmendu nahi izan du: jaietako zapia.
Hilabete falta da San Roke jaietarako, herriko jai kuttunenak, eta hauek dagoeneko badute irudi propioa, Inma Alberdi Erausquinek diseinatua.
Herritarrek gehien bozkatutako kartela
San Roke jaietarako kartel lehiaketak 10 proposamen ezberdin jaso zituen eta horietatik 3 aukeratu zituen epaimahaiak, herritarrek bozkatzeko:
San Roke
Abuztuak 14
¡Altxa zapia gora eta lepora!
3 proposamen horiek ikusgai egon ziren Turismo Bulegoan uztailaren 5ean eta 6an, eta herritarrek bertan bozkatu ahal izan zuten proposamen horietatik gustukoena.
Hala, guztira 139 boto jaso ziren, eta horietatik Inma Alberdi Erausquin debarrak aurkeztutako ¡Altxa zapia gora eta lepora! proposamena izan zen bozkatuena. Horrenbestez, Alberdiren proposamena izango da datorren abuztuaren 14tik 18ra ospatuko diren San Roke jaien irudia.
Jaietako zapia
Bere proposamenaren bidez, egileak herriko jaietako elementu klasiko eta, aldi berean, erakusgarrienetarikoa nabarmendu nahi izan du: zapia. Urtez urte, festen hasiera adierazten duen ikurra, eta egun berezi horietan debarren artean batasuna eta jai giroa islatzen dituena.