Irekita dago HAZILAN+ programan izena emateko epea, kualifikazioa duten langabetuen laneratzea sustatzeko

2026ko martxoaren 31aIrekita dago HAZILAN+ programan izena emateko epea, kualifikazioa duten langabetuen laneratzea sustatzeko

Programaren helburua da kualifikazio-maila ertain-altua izan arren lan-merkatuan sartzeko edo berriro sartzeko zailtasunak dituzten langabeen laneratzea lortzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko. Izena emateko epea apirilaren 30ean amaituko da.

Debabarreneko udalek eta Debegesak, Garapen-ekin lankidetzan, HAZILAN+ programa jarri dute abian, kualifikazio-maila ertain-altua izan arren lan-merkatuan sartzeko edo berriro sartzeko zailtasunak dituzten pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko eta laneratzea errazteko.

Ekimen hau Debabarrena eskualdeko langabeei zuzenduta dago, eta prestakuntza izan arren laneratzeko zailtasunak dituztenei laguntza integrala eskaintzen die. Horretarako, programak orientazio pertsonalizatua, zeharkako eta gaitasun teknikoen garapena, eta enpresetako praktikak uztartzen dituen ibilbide osoa eskaintzen du.

Programa bereziki zuzenduta dago lan-esperientziarik gabeko gazteei eta hainbat arrazoirengatik langabezian dauden helduei. Halaber, lehentasuna emango zaie zaintza- eta etxeko lanetan aritu ondoren lan-merkatura itzuli nahi duten emakumeei, izan ere, kolektibo horrek zailtasun handiagoak izaten ditu enplegua eskuratzeko.

Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da langabezian egotea, erdi-mailako, goi-mailako edo unibertsitateko titulazioa izatea eta Debabarreneko udalerriren batean erroldatuta egotea. 

Bi ibilbide, behar ezberdinei erantzuteko

HAZILAN+ programak bi ibilbide eskaintzen ditu, parte-hartzaileen profilaren arabera. Batetik, Osatu ibilbidea, lan-merkatuan eskatzen diren gaitasun pertsonal eta profesionalak garatzera bideratua, taldeko tailerren bidez. Prestakuntza fase hau maiatzean hasi eta ekainean amaituko da, eta ondoren enpresetako praktikekin osatuko da.

Bestetik, Lorpen ibilbidea dago, banakakoa eta laneratze zuzenera bideratua. Dagoeneko gaitasunak dituzten pertsonei edo Euskaditik kanpo egon eta itzultzea pentsatzen ari direnei zuzenduta dago, eta izen-ematea zabalik dago jada.

Enpresen eta talentuaren arteko lotura indartzea

Programaren helburuen artean dago, halaber, parte-hartzaileen gaitasunak euskal enpresen beharretara egokitzea, bi aldeentzat onuragarria izango den lotura sortuz eta eskualdeko ehun ekonomikoa indartuz.

Debegesa izango da programaren kudeatzailea, eta informazio guztia zein izen-emate formularioa bere webgunean daude eskuragarri.  https://www.debegesa.eus/es/empleo-y-formacion/programas-de-empleo/hazilan/ Izena emateko azken eguna: apirilak 30. 

EAE mailako programa zabala

HAZILAN+ Euskadiko 16 garapen-agentziaren bidez garatuko da, eta 1.400 pertsona baino gehiagori mesede egitea aurreikusten da, enpresek eskatzen dituzten gaitasunak eskuratuz eta benetako lan-esperientziak lortuz. Debabarrenaren kasuan, programa %40an kofinantzatzen du Europako Gizarte Funtsak (EGF+ 2021-2027), eta %60an eskualdeko udalek.

HAZILAN+ aurreko HAZILAN programaren jarraipena da; 2016 eta 2024 artean garatu zen, eta 2.100 parte-hartzaile baino gehiago izan zituen.