Irisgarritasun Unibertsalerako Plan Integrala garatzen ari da Debako Udala, herri inklusiboagoa eta irisgarriagoa eraikitzeko
2025ko ekainaren 6aPlanaren helburu nagusia da irisgarritasuna hobetzea arlo desberdinetan, besteak beste espazio publikoetan, udal eraikinetan edota udal zerbitzuetan. Plana Debako errealitatera eta debarren beharretara egokitutako tresna izan dadin, Udalak parte-hartze saio bat antolatu du ekainaren 18an; eta beste bat Itziarren, ekainaren 19an. Bi saioak herritar guztiei irekita egongo dira, debarren ekarpenak eta iradokizunak jasotzeko.
Debako Udala Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integrala (IUPI) lantzen hasia da, herritar guztien bizi-kalitatea hobetzea eta gaitasun fisiko, sentsorial eta kognitibo desberdinak dituzten pertsonentzako hiri-ingurune irisgarria sustatzea ardatz hartuta. Plan hau, espaloi eta eraikin publikoetatik hasita garraio eta udal zerbitzuetaraino, udalerriko txoko bakoitza irisgarria izan dadin bermatzeko udal konpromisoaren parte da.
Pertsona guztientzat pentsatutako plana
Plana osatzeko lehen urrats gisa Debako irisgarritasunari buruzko egungo egoeraren diagnostiko sakona egin da, bi bloke handitan egituratuta: lehenengoak, "Udalerri irisgarria" deiturikoa, hainbat alderdi aztertzen ditu, hala nola bide publikoak, udal eraikinak edo garraio publikoa. Bigarren blokeak, "Udal irisgarria" izenekoak, udal-izapideen prozesuak edota informazioa eta parte-hartzea hartzen ditu aztergai gisa. Planaren helburua da arlo bakoitzean irisgarritasuna hobetzeko neurriak proposatzea.
Partaidetzazko eta lankidetzazko lan-prozesua
Plana osatzeko hainbat bilera egiten ari dira Udaleko teknikariekin eta arduradun politikoekin, plana herritarren benetako beharretara egokitzen dela bermatzeko.
Era berean, eta plan hau Debako errealitatera eta debarren beharretara egokitutako tresna izan dadin, Udalak parte hartzeko saioak antolatu ditu herritar guztientzat. Lehen saioa ekainaren 18an izango da, 18:30ean, Ispiluen Gelan; eta bigarrena Itziarren, ekainaren 19an, arratsaldeko 17:00etan, Burugorrin. Bertaratzen direnek beren ideiak eta iradokizunak eman ahal izango dituzte, plana ahalik eta gehien egokitu dadin herritarren benetako itxaropen eta beharretara.
Debak irisgarritasunarekin eta inklusioarekin duen konpromisoa
Plan honen azken helburua da udalerri inklusiboagoa sortzea, pertsona guztiek, beren adina, gaitasunak edo egoera edozein izanda ere, ingurune seguru eta irisgarri batez gozatzeko aukera izan dezaten. Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integralaren helburua da, beraz, Deba bizitzeko leku bidezkoagoa bihurtzea.
"Plan hau urrats garrantzitsua da Deba herri inklusiboagoa eta guztiontzat irisgarriagoa egiteko konpromisoan. Auzokide bakoitzak, bere gaitasunak kontuan hartu gabe, oztoporik gabeko ingurune egoki batez gozatzeko aukera izan dezan nahi dugu. Bide horretan, herritarren parte-hartzea funtsezkoa da, horregatik, ekainaren 18ko saiora gerturatzeko dei egiten diegu, beren ideiak azaltzeko eta Deba bizitzeko toki are hobea izan dadin laguntzeko", amaitu du Alazne Txurruka alkateak.