Irulearen begiratokia birgaituko da segurtasuna bermatzeko eta ingurunea hobetzeko

2025ko ekainaren 10aIrulearen begiratokia birgaituko da segurtasuna bermatzeko eta ingurunea hobetzeko

Obra Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko du, eta Técnicos en Estabilizaciones e Inyecciones S.A. (TESINSA) enpresari esleitu zaio. Lanek begiratokiaren egitura egonkortu eta eremua berrituko dute. Proiektuak 321.670,07 euroko aurrekontua du eta lau hilabeteko iraupena izango du.

Irulearen begiratokia, N-634 errepidearen trazatu zaharrean dago kokatuta eta datozen hilabeteotan erabateko esku-hartzea egingo da bertan begiratokiaren egonkortasuna bermatzeko eta ingurunea hobetzeko. Izan ere, gaur egun, bertako egitura egoera ezegonkorrean dago eta, ezinbestekoa da horri irtenbidea ematea, arriskuak saihesteko eta baldintza seguruetan erabiltzen dela bermatzeko.

Obra jada Técnicos en Estabilizaciones e Inyecciones S.A. (TESINSA) enpresari esleitu zaio. Aurrekontua, guztira, 321.670,07 eurokoa izango da (BEZa barne) eta lanak gauzatzeko aurreikusitako epea lau hilabetekoa izango da.

Esku-hartzearen xehetasunak

Ezegonkortasun egoera hori konpontzeko, egitura indartzeko eta begiratokia berritzeko jarduera desberdinak egingo dira. Esku-hartze nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Eustorma egonkortzea.

  • Hormigoi armatuzko horma berri bat eraikitzea, erresistentzia handiagoa bermatuko duen diseinu batekin.

  • Drainatze-sistemak instalatzea, ur-pilaketak eta etorkizuneko kalteak saihesteko.

  • Egungo barandaren ordez egitura berria jartzea, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.

  • Espazioa berrurbanizatzea, zoladura konpontzea eta hiri-altzariak berritzea barne.

Esku-hartzea Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen du bere osotasunean, bide-azpiegituren kontserbazio eta hobekuntza estrategiaren baitan.

Lanak amaitutakoan, Irulearen begiratokiak espazio berritu, seguru eta irisgarri bat eskainiko die bai herritarrei, bai Debako bisitariei ere, eta udalerriko hiri- eta paisaia-ingurunea nabarmen hobetzen lagunduko du. “Proiektu hau albiste bikaina da udalerriarentzat; izan ere, Irulearen begiratokia bezalako espazio adierazgarri baten segurtasuna hobetzeaz gain, Deba guztiontzat irisgarriago eta erakargarriago bihurtzen laguntzen du,” amaitu du Alazne Txurruka alkateak.