Itziarko XIII. Erromeria Eguna maiatzaren 6an ospatuko da

2023ko maiatzaren 5aItziarko XIII. Erromeria Eguna maiatzaren 6an ospatuko da

Urteroko ohiturari jarraituz, Andutz Itziarko Kultur Taldeak egitarau bete-betea prestatu du, euskal erromeria. Itziarko XIII. Erromeria Eguna datorren maiatzaren 6an izango da. Andutz Kultur Taldeak eta Itziarko Auzo Udalak antolatuta; hamahirugarren edizioa izango du Erromeria Egunak eta aurreko urteetan izandako arrakasta ikusita, ekimenez beteriko eguna antolatu dute itziartarrek.

Ospatu den bakoitzean Euskal Herriko txoko ugaritatik batu izan da jende-andana Itziarko Erromeria Egunera. Aurten ere, jende asko espero dute itziartarrek, jada erromerien munduan errotzen hasi den festa da eta.

Egitarau oparoa

Aurtengo egitarauak aurreko edizioen ildotik jarraituko du. Goizean goizetik izango dira Itziarko kaleetan zehar trikitilariak, Hernani eta Debako txistulariak, Hernaniko dultzaineroak, Zubietako joaldunak, soinujoleak, Bianako eta Itziarko dantza taldeak, Txilibita fanfarrea eta gehiago, egitarau mardulari bizia ematen.

Trikitilariak: Jone Uria eta Julene Otegi; Naiara, Izarra, Itziar eta Ander; Irma Karrera eta Jokin Tolosa; eta Ostolaza eta Pujana izango dira.

Eguerdiko 14.30ean herri bazkaria izango da frontoian; eta bazkaritarako txartelak maiatzaren 4a baino lehen erosi beharko dira Itziarko ohiko saltokietan (Gure Denda, Burugorri Ostatua, Hostala Itziar eta Bikain Jatetxean).

Erromeria Egunaren helburuak

Itziarko Erromeria Egunaren helburua Itziar eta inguruan hain ohikoak izan ziren erromeriak gogoratzea eta omentzea da. Erromeriak ziren aurreko belaunaldien sozializaziorako bilgunerik garrantzitsuenetakoak. Festa edo bilkura horien funtsa hainbat herri, auzo eta bailaretako herritarrak biltzea izaten zen; izan ere, gerraosteko garaietan biltzeko eta harreman sozialak lantzeko espazioak urriak zirenez, erromeriak aitzakia paregabea ziren horretarako.

Era berean, musika eta dantzaz gozatu ahal izateko aukera ere baziren erromeriak, eta euskal kultura tradizionalaren sostengu ere izan ziren, hein batean. Garai hartako gizonemakumeak irrikaz egoten ziren erromerietara joateko.

Andutz Kultur Taldea

Aurten ere Erromeria Egunaren antolatzailea Andutz Kultur Taldea izango da, Itziarko Auzo Udalaren babesarekin. Herriko hainbat elkarte batzeko eta kultur jarduera bateratua lantzeko helburuarekin sortu zen taldea. Besteak beste, Itziarko herri mugimendua berreskuratzeko eta herri kultura berpizteko xedeak ditu taldeak.