Jose Angel Romano Perez Deban izango da bere lan berria aurkezten

2017/03/28
Agirre jauregiko ispiluen gelan aurkeztuko du idazleak bere lan berria: “Mis nombres propios”. Ekitaldia ostiral honetan izango da, martxoaren 31n, arratsaldeko 7etan.

Iazko ekainaren 6an, Jose Angel Romano Perez idazle argentinar-espainiarra ezagutzeko aukera izan genuen, Deban izan baitzen Pompilio Madrigal liburua aurkezten. Oso ekitaldi hunkigarria izan zen idazlearentzat; izan ere, bere jatorria bilatu asmoz hurbildu zen Debara, berak azaldu bezala, “pendiente zuen ikasgaietako bat betetzera”, alegia. Romanok kontatu zuen oraindik ere gogoratzen dituela Banfield edo Tandileko arratsaldeak eta nola eskolatik bueltan, meriendatu bitartean, izeba zahar Pilarrek bere jaioterriko (Debako) istorioak kontatzen zizkion. Hauek, gerora, idazlearen ipuin eta kontakizun bilakatu dira.

Oraingo honetan, Jose Angel Romano Perez bere lan berriarekin datorkigu herrira: Mis nombres propios. Idazleak bere haurtzaroan idatzitako ipuin eta kontakizunez beteriko liburua da, bere izeba zahar Pilar Perez Zubizarreta debarrak kontatu zizkion istorioen harira idatzi dituenak.