Juan Mari Aizpuruari 100.urteurrenaren omenaldi berezia egingo zaio Itziarren

2025ko abenduaren 1aJuan Mari Aizpuruari 100.urteurrenaren omenaldi berezia egingo zaio Itziarren

Omenaldia abenduaren 21ean, igandea, ospatuko da Itziarren, Debako Udala eta Itziarko Auzo-udala lankidetzan antolatutako egitarau zabalarekin, hala nola meza nagusia, liburu-aurkezpena, aitortza publikoa eta bazkaria. Bazkari-omenaldirako txartelak 60 euroan daude salgai, abenduaren 14ra arte, Itziarren eta Debako Turismo Bulegoan eskuratu daitezke, baita Salegi jatetxean eta Burugorri tabernan ere.

Itziarko organista Juan Mari Aizpuruak aurten beteko dituen 100 urteak ospatzeko omenaldi berezia egingo da Itziarren, abenduaren 21ean. Mende bateko ibilbide artistiko eta pertsonal oparoari aitortza egiteko, Debako Udalak eta Itziarko Auzo-udalak egitarau zabala prestatu dute elkarlanean. Ekimen hau aurrera eramateko lanetan, Mikel Aizpurua semea ere funtsezkoa izan da, antolaketa osoan gidaritzan lagunduz.

Bizitza oso baten omenezko egitarau berezia

Ospakizuna 12:30ean hasiko da Itziarko Santutegian egingo den meza nagusiarekin, eta ekitaldi hunkigarri horretan Juan Mari Aizpurua bera ariko da organoan, bere bizitza eta ibilbidea markatu dituen instrumentuarekin. Meza amaieran, eliza barruan bertan aurkeztuko da “Juan Mari Aizpurua, 100 urteko bizipenak” liburua, eta jarraian egingo zaio organistari omenaldia, Debako Udala, Itziarko Auzo-Udala, Itziarko eliz-korua eta herritarren parte-hartzearekin.

Bazkari-omenaldia Salegi jatetxean

Jarraian, 14:30ean, bazkari-omenaldi bat egingo da Salegi jatetxean, adiskidetasunez eta hurbiltasunez ospatzeko mendeurreneko eguna. Bazkarirako txartelak 60 euroan daude salgai eta abenduaren 14ra arte eskuratu daitezke Itziarko Auzo-udaleko bulegoan, Burugorri tabernan eta Salegi jatetxean. Deban, berriz, Turismo Bulegoan jarri dira salgai. Era berean, Salegira telefonoz edo, whatsapp bidez (943199004) ere erreserbatu daitezke.

Ekitaldia hau irekia da, eta antolatzaileek herritar guztiei luzatu diete gonbidapena, Juan Mari Aizpurua bezalako erreferente baten 100 urteko bizitza oparo eta musikala ospatzeko. Debako Udalaren eta Itziarko Auzo-udalaren elkarlana, baita ekimen hau bultzatu duen Mikel Aizpuruaren dedikazioa ere, nabarmendu dituzte antolatzaileek.