Kiroldegian jarriko diren eguzki-plakekin Udalak 7.100 euro aurreztuko ditu urteko

2023ko otsailaren 1aKiroldegian jarriko diren eguzki-plakekin Udalak 7.100 euro aurreztuko ditu urteko

Datorren astean, otsailaren 6an, hasiko da Naturex Energías Renovables S.L.U. enpresa eguzki-plakak jartzen kiroldegiko teilatuko eremu batean, joan den abenduan hasi zen esleipen prozesua bukatzear dagoenean.

Eraikinean proiektatutako eguzki-instalazio fotovoltaikoen potentzia 26,68 kWp-ekoa izango da, eta autokontsumo kolektiboko modalitatea izango du, energia-soberakinak beste eraikinekin konpentsatuz, hau da, kiroldegiaz gain, energia elektrikoz hornituko ditu udaletxea eta baita Eguneko zentroa ere.

Potentziari dagokionez, urtean 28.162,56 kWh-ko energia sortuko dutela aurreikusten da. Hiru eraikinek urtean 140.541,00 kWh kontsumitzen badute, horietatik % 20,04 modu berriztagarrian sortutakoa izango da. Orotara, Udalak 7.100 euro aurreztuko ditu urtean instalazio honekin.

Energia sortzeko era aldatuko den arren, CO2ren isurketa ez da gutxituko, dagoeneko Udalak kontsumitzen duen energia elektrikoaren % 100 energia berriztagarrietatik baitator.

Plaken instalazioak eta lau urterako mantenuak 33.605,01€ + (BEZ) prezioa du. Udalak kiroldegiko plakak jartzeko Estatuko DUS 5000 deialdian diru-laguntza eskatu du.

Kiroldegian eguzki-plakak jartzea iaz amaitutako Debako eta Itziarko Klima eta Energia planean jaso zen. Ekintza plan horrek, muturreko gertaeren aurrean dauden arriskuen kudeaketa hobetzeaz gain, argiteria eta eraikin publikoen energia-kontsumoa gutxitzeko hainbat ekintza jasotzen ditu. Hori dela eta, Udalak 2022an energia aurrezteko bestelako jarduerak jarri zituen abian:

• Hainbat eraikinetako argiteria LEDengatik ordezkatzea: Gaztelekuan, Aldats frontoian, futbol-zelaian eta abar.

• Argiteria publikoan ere LEDak jartzea: Kalbeton zumardian, San Josepen, Osion, tren geltokiko aparkalekuan eta abar.

Aurtengo urtean, 2023an, aipatutako plan horretako beste hainbat ekintza abian jarriko dira. Lan horietan aritzeko, energia kudeaketako eta klima aldaketako teknikari bat kontratatu da, 10 hilabetetarako. Aditu hori Eusko Jaurlaritzako programa berezi baten bitartez dator, Lanbideren eskutik. Debako Udalak 4/2019 Iraunkortasun legediaren betebeharrak egunean jarriko ditu honela.