Uda denboraldia pandemia aurreko baldintzetan hasiko da

2022ko ekainaren 9aUda denboraldia pandemia aurreko baldintzetan hasiko da

Ekainaren 15ean hasi eta irailaren 15ean amaituko da uda denboraldia. Pandemia aurreko egoerara itzuliko da hori ere. Gilen Garcia alkatearen esanetan, “herritarrak, bertakoak nahiz kanpokoak gogo handiz daude hondartza bezalako gune naturalez gozatzeko, eta hori kontuan izanik Debako Udalak pandemia aurretik zeuden zerbitzu guztiak martxan jarri ditu”. Hondartzako pasealekuan egin beharreko konponketa guztiak amaitzear daude, eta uda denboraldia hasterako, amaituta egotea espero du alkateak.

Lagundutako bainua, dutxak, oinak garbitzeko iturriak eta toldo zerbitzua berreskuratuko dira. Kabinak eta hondartzako zerbitzuak ere martxan egongo dira, eta hauek erabiltzeko txartelak hartu beharko dira, toldoetako kasetan. Kirol eskaintza ugaria ere egongo da hondartzan. 

Sorospen zerbitzua ekainean eta irailean 11:00etatik 19:00etara egongo da, eta uztailean eta abuztuan 10:30etik 20:00etara.  

Bestalde, ingurumenari lotuta, eta 'Ur (h)ondoa garden' sentsibilizazio kanpainaren barruan hainbat ekimen egingo dira, esaterako, hondartzako plastikoak bildu, itsasadarreko ibai ertzak garbitu, eta ekainaren 18an Sakoneta inguruan egingo den ur azpiko plastikoen bilketa. Uztailean eta abuztuan bisita gidatuak ere egingo ditugu hondartzan bertako biodibertsitatea ezagutzeko.