Langileen eskaerei erantzunda Debako hondartzetako sorosleen zerbitzua ziurtatu du Udalak

2023ko maiatzaren 26aLangileen eskaerei erantzunda Debako hondartzetako sorosleen zerbitzua ziurtatu du Udalak

Aurtengo udan Debako hondartzetan (Santiago eta Lapari) zaintza, salbamendua, laguntza eta desgaitasuna duten pertsonentzako bainu lagunduen zerbitzua emateko prozedura ohi bezala abiatu zuen Debako Udalak.

Deialdi publikoa egin zen. Maiatzaren 11n amaitu zen proposamenak aurkezteko epea eta enpresarik aurkeztu ez zenez esleitu gabe geratu zen. Hurrengo egunetan aukera ezberdinak aztertu zituen Udalak. Inguru honetan lan horietan aritzen diren bi enpresari proposamenak aurkezteko aukera luzatu zitzaien orduan, eta horietatik batek, EBONE-JASOk aurkeztu zuen.

Udalean eskaera eta aukera ezberdinak aztertuta, erabaki da langileen baldintzak hobetzeko egiten diren eskaerak aintzat hartzea eta onartzea. Horrela, bermatuta dago ekainean hondartza denboraldia hasten denean sorosleen zerbitzua egotea.