Larunbatean, urtarrilak 4, ospatuko da Debako Urte Berriko Azoka
2024ko abenduaren 30aGoizeko 09:30etik aurrera herriko puntu desberdinetan salgai izango dira bertako produktu desberdinak; horrez gain ganadu erakusketa edota fruta, barazki, ezti eta gazta sariketak ere egingo dira, guztia, musika eta dantza emanaldiz girotuta. Azokaren helburua da, hain zuzen, baserriko produktuen salmenta zein kontsumoa bultzatzea, horretarako erakusketa eta lehiaketa desberdinak eginez.
Datorren urtarrilaren 4an Debako Urteberriko Azoka ospatuko da, ohiturari jarraituz urtarrileko lehen larunbatean. Foruen plazan eta inguruko kaleetan, goiz osoan zehar, bertako produktuak erosi eta euskal kulturaz gozatzeko aukera izango da. Azokan baserriko produktuak izango dira ardatz, eta lehiaketak, ganadu erakusketa, artisautza postuak eta musika nahiz dantza emanaldiak osatuko dute egitaraua.
Baserriko produktuen lehiaketak
Eguneko ekintzen artean, barazki, fruta, gazta eta ezti lehiaketak nabarmenduko dira. Barazki eta fruta lehiaketarako postuak goizeko 7:00etan jarriko dira, eta 9:00etarako prest egon beharko dute. Salmenta, berriz, epaimahaiaren bisitaren ostean hasiko da, gutxi gorabehera 09:30ean. Parte-hartzaileek gutxienez 6 metroko postua eta lau produktu barietate aurkeztu beharko dituzte. Lehiaketaren irabazleek 350, 300, 250 eta 200 euroko sariak jasoko dituzte; eta, gainera, posturik onenak 150 euro eskuratuko ditu.
Gazta lehiaketa udaletxeko arkupeetan egingo da, 10:00etatik 11:00etara. Bertan, esne gordinez egindako eta gutxienez bi hilabetez heltze-prozesua izan duten Latxa edo Karrantzako ardi-gaztak aurkeztuko dira. Kasu honetan, irabazleek 400, 350 eta 200 euroko sariak izango dituzte, eta Debabarreneko gazta onenak, saririk lortu ezean, 150 euroko sari berezia jasoko du.
Era berean, Eskualdeko XVIII. Ezti Lehiaketa ere ospatuko da.Parte-hartzaileek bi pote ezti aurkeztu beharko dituzte, eskualdean ekoiztuak eta berotu gabekoak. Postuak goizeko 9:00etarako prest egon beharko dute, eta irabazlea aukeratzeko garaian eztiaren aurkezpena, hezetasuna, usaina eta dastamena baloratuko dira. Lehiaketa honetako sariak 200, 180 eta 130 euro izango dira.
Ganadu erakusketa
Azokaren giroa osatzeko, ganadu erakusketa eta artisautza postuak ere egongo dira ikusgai. 10:00etan ganadu feria egingo da kioskoan, eta ondoren, musika eta dantza ekintzak izango dira. 11:00etan txistularien kalejira abiatuko da herriko kaleetatik, eta 11:30ean Debako Musika Eskolako dantzariek emanaldia eskainiko dute Aldats pilotalekuan.
Eguerdian, trikitilariek eta Musika Bandak kaleak girotuko dituzte, festarako giro aparta sortuz. Jardunaldiari amaiera emateko, 13:30ean egingo da lehiaketen sari banaketa.
Zatoz Urteberriko Azokaz eta bertako produktuez gozatzera!