Lehen urratsa eginda aurrera begira jarri gaitu Dagigun partaidetza prozesuak

2022ko apirilaren 1aLehen urratsa eginda aurrera begira jarri gaitu Dagigun partaidetza prozesuak

Martxoaren 29an egin da Dagigun partaidetza gunearen lehen prozesuaren emaitzaren partekatze saioa. Udaletxeko osoko bilkuren aretoan bildu diren herritarrei eta eragileetako ordezkariei aurkeztu diete emaitza Gilen Garcia alkateak eta proiektuaren zuzendari Itziar Gonzalez arkitektoak. Haiekin egon dira, halaber, proiektuaren zuzendaritza Gonzalezekin partekatzen duen Igor Ahedo EHUko irakaslea eta gazteek osatutako dinamizatzaile taldeko kideak.

Eskerrak emateko ekitaldia ere izan da. Alkateak eragile politikoek, sozialek eta norbanakoek egin duten lana, izan duten prestutasuna eskertu ditu, bereziki dinamizatzaile gazteena. Azken hauek egin duten lana aitortzen duen diploma ere jaso dute.  

Prozesuan zehar askotariko ekimenak egin dira, eta jasotako ekarpenak ere asko eta izaera desberdinekoak izan dira. Gonzalezek nabarmendu du bereziki jaso direla ekarpenak hirigintzari lotutako gaietan, horregatik, hurrengo urratsa ere ildo horretan egingo da. Aurkezpena egin eta hurrengo egunean bertan, martxoaren 30ean, bildu da lehen aldiz hirigintzako batzorde mistoa. Izan ere, jasotako ekarpenak aztertuta, ikusi da 2007an egindako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra -HAPO- eguneratu beharra. Eta lan horrekin hasiko dira, osaera berrikuntza proposatuz, izan ere, ordezkari politikoek, udal langileek eta herritarrek osatzea aurreikusten da. 

 

Egindako lana argitalpen batzuetan jaso da, www.deba.eus webgunearen Dagigunen atalean partekatuko direnak. Bertan jasotako ekarpenetako batzuk dira ondorengoak: 

Herritarren ekarpenen kalitateak eta kantitateak argi eta garbi islatzen du herritarrek udalerriko

naturagune eta paisaia-eremuen kalitatearekiko duten interesa, baita bertako eremu publikoen eta berdeguneen bizigarritasunarekiko interesa ere.

Trenaren trazadurari eta Debako kostaldearen hiri-aurrealdeari buruzko eztabaida sakona egiteko

beharra agerian geratu da.  

Herritarrek Zumardiko parketik gertu jarri nahi dute Paleolitoko ibilbidearen hasiera eta

Geoparkearen informazio-puntua, baina lehendik dagoen eta erabiltzen ez den eraikinen bat berrerabiliz (kioskoa, azpiestazio elektrikoa edo Kresala).

Jarduera ekonomikoari dagokionez, hotelen estrategia jasangarri bat garatzeko beharra, baita turismo-ostatuak arautzeko araudi bat ere, bertako herritarren eta biztanle mugikorren arteko oreka bermatzeko. 

Ekipamenduei dagokienean, erabiltzen ez diren eraikinak berrerabiltzea proposatzen da, kultura-ekipamenduak, kirol-ekipamenduak edo Geoparkeko ekipamenduak kokatzeko.

Mugikortasun jasangarria ere aldarrikatzen da. Garraio publikoen aldageltoki bat sortuz, esaterako. Aparkaleku publikoak edo emakidadunak sortzea ere proposatzen da, hondartzaren aurrealdean eta Zumardiko parkearen inguruetan dauden lur gaineko aparkalekuak libre uzteko.

Etxebizitza eskuratzeko politikak eta hirigintza-plangintza berrikusteko politikei dagokienean proposamen asko jaso dira. Esaterako, tokiko etxebizitza-plan bat idaztea; apartamentu turistikoak arautzeko plan berezi bat idaztea; gaur egungo hirigintza-plangintza berrikustea; tren-geltokiaren eta Zumardiko parkearen ingurua antolatzeko proiektua idaztea; Hirigintza Batzorde bat sortzea, premiazkoenak diren eztabaida teknikoak eta herritarrak planifikatzeko, eta Hirigintza Plan Orokor berriaren irizpide eta helburuen dokumentua prestatzeko, etab.