LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionala

2021/06/28
Adierazpen instituzionala onartu dute Debako Udalak eta Itziarko Auzo Udalak gaur, ekainak 28, ospatzen den LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunari begira. LGTBI kolektibo eta pertsona ugariren borroka luzea aitortzearekin batera, konpromiso hauek hartu dituzte:
  1. Aurrera begira, LGTBI pertsonen aurkako indarkeriaren aurrean erakundeen koordinazio, arreta eta erantzun publikorako protokoloak diseinatzea eta abian jartzea. 

  2. Administrazio formularioetan, LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko asmoz, aldaketak egitea binarismoa gainditzeko. 

  3. Beharra denean, haurrak eta nerabe transexualak babesteko neurriak ezartzea, bereziki trans errealitatea barne hartzen duten hezkidetza-prozesuak, gizarte- eta hezkuntza-eragileekin. 

  4. Sexu eta genero disidentziaren gaineko prestakuntza-prozesuak bultzatzea, langile publiko eta politikoentzat, bereziki, jendeari arreta emateko, eta gizarte- eta hezkuntza-esparrurako. 

  5. Sentsibilizazio-kanpaina feministak egitea, egungo testuinguru sozialera egokituta, epe labur, ertain eta luzean, sexu-genero dikotomiari, hetero-normatibitateari, sexu-orientazioaren eta genero-identitatearen adierazpen-aniztasunari eta eremu desberdinetan LGTBI pertsonenganako indarkeriaren eta diskriminazioaren adierazpen eta forma anitzei buruzko kontzientzia kritikoa hartzea errazteko. 

  6. Aurrera begira, zaintzei buruzko lan-ildoak aktibatzea ikuspuntu feministatik eta LGTBI ikuspegitik, zaintza sare komunitarioekiko, kolektibo feministekiko, LGTBI kolektiboekiko eta beste gizarte-eragile batzuekiko lankidetza sustatuz.

  7. Beharra suertatzen denerako, indarkeriaren biktima diren eta egoera oso zaurgarrian dauden LGTBI pertsonentzako harrera-espazioak sortzea, arreta psiko-sozialeko, ekonomikoko, hezkuntzako eta bizitokietako zerbitzuak integratuz, adingabeen, migratzaileen, transexualen berariazko beharrak jasoz.