Maiatzaren 30ean zabalduko da Debako Uda Kirola ikastaroetan izena emateko epea
2026ko maiatzaren 21aIkastaroen eskaintzan surf, bodyboard, SUP, kayak, skate surf modalitateak eta xake ikastaroak nabarmentzen dira, 6 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteei zuzenduta. Deban erroldatuta daudenentzako izen-ematea maiatzaren 30ean hasiko da, eta udalerrian erroldatuta ez daudenentzako ekainaren 6an. Izen-ematea Turismo Bulegoan egin daiteke presentzialki edo turismoa@deba.eus helbidera mezu bat bidaliz.
Uda heltzear den honetan, urtero legez, Uda Kirola 2026 programa antolatu du Debako Udaleko Kirol Zerbitzuak, udaz gozatzeko kirol jarduera desberdinak eskainiz. Udal ekimen honek kirol ikastaro desberdinak eskaintzen ditu 6 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteei zuzenduta, udan kirol praktika eta aisialdi osasungarria sustatzea helburu izanik.
Ohiko moduan, aurtengo eskaintzak ere surf, bodyboard, stand up paddle (SUP), kayak, skate surf ikastaroak eta xake ikastaroa barne hartzen ditu, ekainean, uztailean eta abuztuan banatutako ordutegi eta txandekin. Jarduera gehienak euskaraz emango dira, baina horietako batzuk elebidun izateko aukera izango dute.
Horren harira, Alazne Txurruka alkateak ekimenaren garrantzia azpimarratu du: “Udako hilabeteetan haur eta gazteek kirola egitea eta aisialdi osasungarriaz gozatzea sustatu nahi dugu. Uda Kirola 2026 programaren bidez, Debako haur eta gazteek kirol modalitate ezberdinak ezagutzeko eta probatzeko aukera izango dute, ondo pasatzeaz gain, elkarren arteko harremanak sendotuz. Kirolaz gozatzeko, ikasteko eta Debako gazteen ongizatea nahiz parte-hartzea bultzatzeko aukera paregabea izatea nahi dugu.”
Izen ematea
Uda Kirola 2026an parte hartzeko izen-emateak maiatzaren 30etik aurrera zabalduko dira Deban bizi diren pertsonentzat, eta udalerrian bizi ez direnek ekainaren 6tik aurrera, larunbata, eman ahal izango dute izena.
Izen-emateak Debako Turismo Bulegoan (Ifar Kalea, 4) edo turismoa@deba.eus helbide elektronikora bidalita egin daitezke. Bertan, dagokion izen-emate orria bidali beharko da. Gogoan izan heldu bakoitzak gehienez lau haurren izena eman ahal izango duela eta lehentasuna izango dutela izen-ematea aurrez-aurre egiten duten pertsonek.
Gainera, lehen ikastarorako 20 euroko deskontua izango dute Deban bizi diren gazteek eta irisgarritasun eta laguntza sozialen arloan, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (RSB), Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (BGD), Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) edo Gizarte Zerbitzuetako txostena dutenak onuradun diren familiek ikastaro horietan parte hartzeko, kostu osoaren %20 baino ez dute ordainduko.
Ordainketa txartel bidez edo transferentzia bidez egin ahal izango da. Azken kasu horretan, plaza ziurtatu ondoren egin beharko da ordainketa eta 24 orduko epean entregatu beharko da ziurtagiria.
Amaitzeko, Jon Riaño Kirol zinegotziak Uda Kirolan parte hartzeak gazteenei dakarkien esperientzia nabarmendu du: “Uda garaia haur eta gazteek esperientzia berriak bizi, kirolaz gozatu eta elkarrekin une atseginak partekatzeko aukera aparta dela uste dugu. Programa honen bidez, kirol ohiturak sustatzeaz gain, talde-lana, errespetua eta laguntasuna bezalako balioak indartu nahi dira. Era berean, Debako itsasoaz eta natur inguruneaz gozatzeko aukera eskainiz, bizimodu aktibo eta osasungarria bultzatu nahi dugu.”
Informazio gehiagorako,Turismo Bulegoko 943 19 24 52 zenbakira deitu daiteke edo turismoa@deba.eus helbidera mezu elektronikoa bidali.
Oharra: izen-emate orria maiatzaren 30ean egongo da eskuragarri online Kirola eta gazteria atalean eta baita turismo bulegoan ere.