Marka itxura berria du Debalai Elkarteak
2025ko irailaren 11aEkimena udalerria dinamizatzeko eta tokiko merkataritza-sarea indartzeko Debalairen eta Debako Udalaren arteko elkarlanaren emaitza da. Irudi berria estreinatzearekin batera, Instagram kontua ere zabaldu du elkarteak, kontsumitzaileek zein herritarrek Debalairen eta elkarteak antolatutako ekintzen inguruko informazioa gertutik ezagutu dezaten. Datozen ekintzen artean, Elikadura Astea ospatuko du Debalaik, eta horren baitan elikadura saskien zozketan parte hartzeko aukera emango zaie herritarrei.
Debako Merkatari eta Ostalaritza Elkarteak itxura berriarekin emango dio hasiera ikasturte berriari. 2010.urtean elkartea sortu zutenetik logo berbera izan dute beren izenpean. Orain, hamarkada bat igaro ostean, irudi fresko eta eguneratuagoa izatearen aldeko apustua egin du elkarteak.
Urte guzti hauetan kide-berri ugari gehitu dira taldera, eta hasieratik daudenei orain arteko markak Elkartea sortu zuteneko garaia modu berezian gogorarazten bazien ere, asko ez ziren guztiz identifikatuta sentitzen. Horregatik, irudi zaharraren esentzia kontutan hartuta berritu dute logoa.
Elkartearen izena osatzen duten bi hitzek dute protagonismoa irudi berrian. Deba hitza oinarri sendo gisa kokatzen da, Debaren nortasunari eutsiz. Alai hitzak, ordea, formatu alaiago eta dinamikoagoa du, herriko merkatariek eta ostalariek herriari egiten dioten ekarpen positiboa irudikatzeko.
Azken batean, logo berriak bi munduren arteko lotura iradokitzen du: merkataritza eta komunitatea, tradizioa eta berrikuntza, Deba eta alaitasuna. Elkartearen izenaren bidez mezu argia helarazten da: babesetik, elkarlanetik eta giro positibotik eraikitzen den merkataritza eta ostalaritza sare bat, “zurekin, gertu, lagun eta herrikide” lelopean.
Ekimen hau udalerria dinamizatzeko eta tokiko merkataritza-ehuna indartzeko helburuz Debalai Elkartearen eta Debako Udalaren elkarlanaren parte da. Bi erakundeek aktiboki egiten dute lan elkarrekin Debako jarduera ekonomiko eta soziala bizirik mantentzen duten proiektuak bultzatzeko.
Instagram kontu berria, kontsumitzaile eta herritarrengandik gertu mantentzeko
Irudi berriaz haratago, sare sozialetara ere jauzi egin du Debalai elkarteak, Instagram kontua zabalduz. Hala, aurrerantzean kontsumitzaile eta herritarrek elkartearen zein antolatzen diren ekintzen inguruko informazioa sare sozial honen bitartez jasotzeko aukera zuzena izango dute, @debalaielkartea kontuan.
Elikadura astea iristear
Irudi berria aurkeztearekin batera, urteroko kanpaina abiatuko du laster elkarteak, Elikadura Astea. Komertzioetan egiten diren erosketekin tiketak banatuko dira elikadura saskien zozketan parte hartzeko.
Era berean, ostalaritza sustatzeko DEBALAI pintxo potea antolatuko da; erosketekin tiketak banatu eta elikadura saskien zozketa egunean, herritarrei DEBALAI pintxo potea dastatzeko aukera emango zaie.
Bi ekimen horien datak aurrerago jakinaraziko dira.