Memoriaren Egunaren harira, Debako Udalaren Adierazpen Instituzionala
2025ko azaroaren 10aGaur, azaroak 10, Memoriaren eguna da, motibazio politikoko Indarkeria eta terrorismoaren biktima guztiak gogoratzen den eguna. Egun honetan, Giza Eskubideen urraketak bizitu/sufritu izan dituzten herritarrak gogoratu eta aitortzen da. Modu honetan bizi izandakoa gogora ekartzen dugu, ez dugu ahazten uzten.
Deban 2017tik lanean dagoen Bizikidetza Batzordearen aurkezpen egunean azaldu genuen moduan, Bizikidetza Batzorde honetan agerian jarri nahi dugu, gertuko iraganean bizi, sentitu eta pairatutako sufrimenduak ukaezinak direla; hortaz, hauek ezagutu, errespetatu eta aitortzea ezinbestekoa dela. Herritar ezberdinek bizi izandako GGEE urraketak ezagutu nahi ditugu, elkarri entzun eta elkarri aitortu.
Zoritxarrez GGEE urraketa ugari izan dira gure herrian ere eta ondorioz, biktima eta biziraule ugari ditugu gure artean. Bizikidetza Batzorde honen gaurko agerraldiaren asmoa indarkeria zuzenean jasan duzuen biktima oro aitortzea da. Urte askotan isiltasuna izan da nagusi, ahaztura eta kasu batzuetan jarrera mingarriak ere, ziur aski. Gaurkoan ordea, zuengana hurbildu eta zuek entzun nahi zaituztegu, gure gertutasun eta enpatia agertu nahi genizueke eta biktima gisa duzuen egiarako eskubidea, justizia eta erreparaziorako eskubideak aitortu eta udal gisa, ez errepikatzeko bermeak sustatzen saiatuko garela hitz ematen dugu.
Horregatik hurrengo hilabeteetan, hainbat ekimen sustatuko ditugu errealitate anitz, zabal eta askotan itzalean geratu dena ezagutzeko. Urte hauetan guztietan izandako urruntasun eta oztopoak gainditzen hasteko. Izandako gertakariei aurrez aurre begiratzeko garaia da eta hori guztia sufritu zutenei, merezitako aitortza egiteko.
Bizikidetza Batzordeak lanean dihardu biktimengana hurbilduz, erakusketak prestatuz, ikastetxeetara ere ekimenak bideratuz, e.a.. Datak hurbildu ahala aurkeztuko ditugu ekintzak behar diren bezala eta debarrak gonbidatuko zaituztegu.
Baina gaurkoan, Memoria egunean, Giza Eskubideak urratu dizkizueten debar guztiak izan nahi zaituztegu gogoan.