NANa eta pasaportea izapidetzeko zerbitzua hilero eskainiko da Deban martxotik aurrera
2026ko urtarrilaren 13aUdalak zerbitzu hori indartu du, herritarrei, udalerritik irten beharrik gabe izapide horiek egiteko aukera errazteko helburuz. Martxoa baino lehen, hurrengo data urtarrilaren 28an izango da eta oraindik ere libre daude plaza batzuk; horretarako aurretiazko hitzordua eskatu behar da herritarren arreta bulegoan edo 943 19 28 40 telefonora deituz.
Debako Udalak Polizia Nazionalaren bulego mugikorraren bidez NANa eta pasaportea izapidetzeko zerbitzua indartuko du. Izan ere, martxotik aurrera, unitate mugikor hori hilero izango da udalerrian, Foruen plazan, hilabeteko lehen astelehenean. Neurri honen bidez, debarrei agiri ofizial horien kudeaketa erraztu nahi zaie, beste herri batzuetara joan beharrik gabe.
Urtarrilaren 28rako hitzordu libreak
Zerbitzu hori azaroan hasi zen eskaintzen, eta herritarren harrera ona ikusirik, hilabeteroko maiztasuna eman nahi izan zaio. Edonola ere, martxoa baino lehen, azaroaren 26ko eta abenduaren 11ko saioen ondoren, hurrengo data urtarrilaren 28a izango da, asteazkena, eta oraindik ere badaude hitzordu libreak egun horretarako.
Egun bakoitzeko an 34 hitzordu eskainiko dira, eta ezinbestekoa izango da aldez aurretik hitzordua eskatzea, Udaleko Herritarren Arretarako Bulegoan, aurrez aurre edo 943 19 28 40 telefonora deituta. Ez da onartuko WhatsApp bidezko eskaerarik, ezta ofizialak ez diren beste kanal batzuetakorik ere.
Datozen hitzorduak
Urtarrilaren 28az geroztik, hauek dira uda bitartean eskainiko diren datak:
Martxoak 2
Apirilak 6
Maiatzak 4
Ekainak 1
Egun horietan, herritarrek honako izapide hauek egin ahal izango dituzte:
Nortasun Agiri Nazionala (NAN) egitea edo berritzea
Pasaportea egitea edo berritzea
NANaren ziurtagiri elektronikoa aktibatzea
Zerbitzua 9:30etik 13:00etara bitartean emango da, eta tasak eskudirutan ordaindu beharko dira izapidearen egunean bertan. Prezioak honako hauek dira:
NAN: 12 €
Pasaportea: 30 €
Ziurtagiri elektronikoa: doakoa
Familia ugariko titulua duten pertsonek tasak ordaintzetik salbuetsita egongo dira, dagokion dokumentazioa aurkeztuz.
Beharrezko dokumentazioa
Izapideak egiteko, ohiko dokumentazio ofiziala aurkeztu beharko da. Dokumentazio hori aldatu egiten da izapidearen arabera (berritu ala lehen aldiz egin). Kasu guztietan (lapurreta edo galeran ez ezik) ezinbestekoa da argazki bat eramatea, eta adingabeak badira, guraso batez lagunduta joatea.
Edonola ere, kasu bakoitzean eman beharreko dokumentazioaren informazioa eskuragarri dago hemen.
Zerbitzua indartuz, Debako Udalak administrazioa pertsonengana hurbiltzeko lanean jarraitzen du, joan-etorriak murriztuz eta herritarrentzat funtsezkoak diren izapideak erraztuz.