Okerrik ezean ekainaren 30ean zabalduko da Artzabaleko hilerri berria

2021ko martxoaren 26aOkerrik ezean ekainaren 30ean zabalduko da Artzabaleko hilerri berria

Martxoaren 4an egindako ez-ohiko osoko bilkuran hartutako konpromisoa betez, Artzabaleko hilerriaren irekiera data zehaztu du Debako Udal Gobernuak. Ekainaren 30ean zabalduko da, hemendik eta ordura bitarte ezustekorik gertatzen ez bada.

Aipatutako bilkuran Debarren Ahotsak aurkeztutako mozioa onartu zen haien eta EAJ-PNVren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. Atzo, martxoaren 25a, egitekoa zen osoko bilkurarako hilerriari lotutako hainbat gairen inguruan hartutako erabakia jakinarazteko konpromisoa hartu zuen Gobernuak. 

Osoko bilkura egin ez denez, hau egitea zegokion egun berean bozeramaile batzordea batzartu da gaia lantzeko. Udalbatzako hiru alderdiek hala adostuta, bozeramale batzordeari aurkeztu eta bertan onartu dute Udal Gobernuak egindako proposamena. Hilerri zaharretik berrirako lekualdatzea ere izan dute hizketagai eta adostu dute urratsak zehazten joango direla. 

Debako Gobernuaren asmoa da herritarrek izan dezaten prozesuaren informazio osoa. Horregatik, beharrezko tramite administratiboak eginda, herritarrekin partekatuko da gaiari lotutako informazio guztia, komunikazio euskarri eta bitarteko desberdinak erabiliz. Epeak, izango dituen ezaugarriak, hilerri zaharretik berrirako urratsa nola egingo den...

 Hilerria zabaldu ahal izateko, erabilerarako erregelamendua onartuta egon behar da. Honen behin-behineko onarpena martxoaren 18an egin zen eta jendaurrean jarri legeak eskatzen duen gisa. Alegaziorik ez badago, behin-betiko onarpena maiatzaren 15ean egongo da eta alegaziorik badago ekainaren 15ean. Hau honela, ekainaren 30a ikusi du Gobernuak zabaltzeko data egokia, esan bezala, ezustekorik ez badago.