Ongizate integrala ikuspegi “kolektibo eta komunitario” batetik heltzeko deia luzatu da Debako Ongizatearen Plazan
2026ko ekainaren 25aGipuzkoako Foru Aldundiaren Ongizatearen Plaza ekimenaren baitan landuko dira, gaur eta bihar, elikadura jasangarria eta osasuntsua, nahi ez den bakardadea, hizkuntza, nortasuna, autonomia eta prebentzioa zahartzaroan edota pantailen erabilera.
Gaur goizean abiatu da Deban Ongizatearen Plaza ekimena, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duena, eta bertan egon dira Gipuzkoako diputatu nagusia, Eider Mendoza, eta Debako alkatea, Alazne Txurruka. Bi egunez, ekainaren 25 eta 26an, “modu batera edo bestera denoi eragiten diguten eguneroko gaiak eta errealitate berriak” landuko dira tailer praktiko, solasaldi, hitzaldi edo mahai inguruen bidez, Mendozaren esanetan. Foruen Plazan, beraz, mintzagai izango dira, hala nola, zahartzaroa, nahi ez den bakardadea, elikadura jasangarria eta osasuntsua, hizkuntza, nortasuna edota pantailen erabilera.
Pertsonen ongizate osoaren inguruan hausnarketa eta elkarrizketa eragitea da ekimen honen helburu nagusia, “hitz egiteko eta elkarri entzuteko gune irekia”. Diputatu nagusiak komunikabideei egindako adierazpenetan azpimarratu du pertsona ororen ongizatea “plazaren erdigunera” ekarri beharreko gaia dela, izan ere, “arazo pertsonal edo indibiduala badirudi ere, ikuspegi kolektibo eta komunitario batetik heltzea ezinbestekoa” dela adierazi du. Gogorarazi du, era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat “lehentasunezko” gaia dela hau.
Iazko udaran Zarautzko malekoian egin zen lehen Ongizatearen Plaza, eta ordutik, Gipuzkoako eskualde eta herri desberdinetara iritsi da ekimen berritzaile hau. Deban egongo den bi egunetan zehar, herritarrak deitu eta animatu ditu Eider Mendozak, “esperientziak partekatu, elkar entzun, errealitate berri hauen inguruan hausnartu eta gozatzera”. “Azken finean, komunitate loturak indartu nahi ditu plaza honek; gure herrietako plazek modu naturalean egiten duten hori bera indartuz”, gaineratu du.
Bere aldetik, Debako alkateak, Alazne Txurrukak azpimarratu du: “Debarentzat, Ongizatearen Plaza hartzea aukera garrantzitsua da ongizatearen inguruko gogoeta herritarrekin batera lantzeko. Ongizatea ez da osasuna soilik; harremanek, komunitateak, bizi-ohiturek eta inguruneak ere eragin zuzena dute pertsonen ongizatean. Horregatik, funtsezkoa da elkarguneak sortzea, elkar entzuteko, esperientziak partekatzeko eta ongizatearen inguruan hausnartzeko. Herritar guztiak gonbidatzen ditugu jardunaldietan parte hartzera eta esperientzia hau elkarrekin bizitzera”
Ariketa fisikotik, barreterapiara
Gaur goizean, Adinberriren eskutik abiatu da Ongizatearen Plaza. Iñigo Vicens prestatzaile fisiokoak gidatutako kirol saio irekia egin da eta, jarraian, Naia Rosekin estimulazio kognitiboko tailerra eta Raquel Rodriguezekin mindfulness terapia. Ondoren, autonomia eta hauskortasunaren prebentzioa landu dira, adineko pertsonak ahalik eta denbora gehien etxean bizi ahal izateko zainketen inguruko ikuspegi berriak partekatuz, hala nola autonomia, prebentzioaren garrantzia, norberaren bizi-proiektua babestea eta komunitate loturak lantzea.
Arratsaldean, 17:00etatik 18:00tara, ‘Deban nola bizi dugu euskara?’ izenburupean, hizkuntzak pertsonen nortasunean eta ongizatean duen eraginaz hitz egin da, euskara ama hizkuntza dutenen, heldutan ikasi dutenen edo kanpotik etorri direnen bizipenak partekatuz solasaldi batean. Lehen egunari amaiera emateko, Altxa Burua elkartearekin batera, ‘Pantailen aroan, erabilera osasuntsua’ landu da. Haurren ongizate emozionalean, sozialean zein fisikoan duten eraginagatik, mugikorren eta teknologia digitalen erabilera arduratsua eta osasungarria bultzatzeko saio dinamikoa, bereziki gurasoei bideratua.
Ostiralean, hilak 26, 10:00etatik 11:30tara, elikadura jasangarria eta osasuntsuaren inguruko solasaldi irekia egingo da, agroekologian aditua den Jakoba Errekondo eta Debako bi ekoizlerekin: Doniene baserriko Mirian eta Nerea Arrizabalaga eta Belisoro baserriko Juan Mari Etxaabe. Ondoren, aukeratzen ez den bakardadearen inguruan hausnartzeko Ados teatroak ekoiztutako hiru mikrodokumental ipiniko dira, eta herritar desberdinen kasu errealak ere ekarriko dira plazara, izan ere, nahi ez den bakardadea ez da soilik adin tarte baten arazoa, adineko pertsonengan bezala, gazteengan ere geroz eta eragin handiagoa duen fenomenoa baita.
Debako Ongizatearen Plazari amaiera emateko, 17:00etan hasita, barrearen eta umorearen bidez ongizate emozionala lantzeko tailer dinamikoa gidatuko du Idoia Torregarai umoregileak. Ariketa praktiko eta partehartzaile baten bidez, estresa askatu, harremanak indartu eta egunerokoari ikuspegi positiboarekin aurre egiteko barreterapia tailerra egingo da. Eta jarraian, bi egunetan bizitako esperientziak partekatu eta komunitatea indartzeko asmoz, amaiera irekia antolatu da. Giro atsegin eta informalean, Telmo Iruretagoiena somelierrak, Getariako Txakolinaren inguruko azalpen saioa eskainiko du eta, ondoren, dastaketa egingo da Kalean Kantuz taldeak girotuta.
Egitarau eta ordutegi osoa hemen:
https://plaza.gipuzkoa.eus/eu/deba