Ongizatearen Plaza hartuko du Debak ekainaren 25 eta 26an
2026ko ekainaren 19aGipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako ekimen ibiltariak ongizate integralaren inguruko hausnarketa, elkarrizketa eta parte-hartzea sustatuko ditu udalerrian. Bi egunetan zehar, adin eta interes ezberdinetako herritarrei zuzendutako hainbat hitzaldi, solasaldi eta jarduera antolatuko dira, ongizatea ikuspegi zabal eta komunitario batetik jorratzeko helburuarekin.
Datorren ekainaren 25ean eta 26an, Debak Ongizatearen Plaza hartuko du, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen eta lurraldeko hainbat udalerritan egiten den ekimen ibiltaria. Proiektuaren helburua da ongizate integralaren inguruan hausnartzeko, esperientziak partekatzeko eta herritarren arteko elkarrizketa sustatzeko gune irekiak sortzea.
Ongizatearen Plaza ongizatea modu integralean ulertzetik abiatzen da, osasun fisikoaz harago doazen alderdiak kontuan hartuz, hala nola osasun mentala, harreman sozialak, komunitatearen kohesioa, bizi-ohitura osasungarriak edo ingurunearekin lotutako faktoreak. Horretarako, adituen, eragileen eta herritarren arteko topaguneak antolatzen dira, ongizatearen inguruko ikuspegi eta esperientzia ezberdinak partekatzeko.
“Debarentzat, Ongizatearen Plaza hartzea aukera garrantzitsua da ongizatearen inguruko gogoeta herritarrekin batera lantzen jarraitzeko. Ongizatea ez da osasuna soilik; harremanek, komunitateak, bizi-ohiturek eta inguruneak ere osatzen dute. Horregatik, ezinbestekoa da herritarren parte-hartzea eta elkarrizketa sustatzea. Horregatik, herritar guztiak gonbidatzen ditugu jardunaldietan parte hartzera eta esperientzia hau elkarrekin bizitzera”, adierazi du Alazne Txurruka alkateak.
Ongizatearen inguruko egitarau zabala Deban
Bi egunetan zehar, adin eta interes ezberdinetako herritarrei zuzendutako hainbat hitzaldi, solasaldi eta jarduera antolatuko dira, ongizatea ikuspegi zabal eta komunitario batetik jorratzeko helburuarekin.
Hona hemen egitaraua:
Ekainak 25, osteguna
10:00–11:30 | Osasuntsu zahartu
ETBren zahartze aktiboari buruzko saio berezia.
Ariketa fisikoko saio irekia Iñigo Vicens-ekin, estimulazio kognitiboko tailerra Naia Rose-rekin eta mindfulness saioa Raquel Rodríguez-ekin.
11:30–13:00 | Autonomia eta prebentzioa zahartzaroan
Zaintzaren ikuspegi berriei, autonomia, bizi-proiektuari eta komunitateari buruzko gogoeta. Eguneroko ohiturek, harreman sozialek eta sare komunitarioek bizitza aktibo eta independentea mantentzen nola laguntzen duten aztertuko da.
17:00–18:00 | Hizkuntza, nortasuna eta ongizatea: Deban nola bizi dugu euskara?
Euskarak identitatean, komunitatean eta ongizatean duen paperari buruzko solasaldia. Euskarazko hiztunek, helduaroan ikasitakoek eta kanpotik etorritako pertsonek parte hartuko dute.
18:00–19:00 | Pantailen aroan, erabilera osasuntsua
Mugikorren eta teknologia digitalen erabilerak haurren eta gazteen ongizate emozional, sozial eta fisikoan duen eraginari buruzko hitzaldia. Familiei bereziki zuzendutako jarduera, Altxa Burua elkartearen eskutik.
Ekainak 26, ostirala
10:00–11:30 | Elikadura jasangarria eta osasuntsua
Agroekologiako aditu Jakoba Errekondo-rekin hitzaldi irekia. Debako ekoizle lokalen parte-hartzea, elikadura arduratsu eta jasangarriaren inguruko esperientziak partekatzeko.
11:30–13:00 | Nahi ez den bakardadea
Nahi gabeko bakardadeari buruzko hiru mikro-dokumentalen proiekzioa eta ondorengo solasaldia, protagonistetako batekin.
17:30–18:30 | Barreterapia tailerra
Idoia Torregarai umoregileak gidatutako tailer dinamikoa. Estresa murrizteko, harremanak indartzeko eta ongizate emozionala sustatzeko ariketak.
18:30–19:30 | Amaiera alaia eta txakoli dastaketa
Jardunaldien esperientzia partekatzeko azken topaketa. Txakolinari buruzko aurkezpena Telmo Iruretagoiena sumillerrarekin eta dastaketa. Amaiera Kalean Kantuz taldearen musikarekin.
Ongizatea erdigunean jartzeko ekimena
Ongizatearen Plaza ekimenaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Debako Udalak herritarren ongizatearen inguruko gogoeta kolektiboa sustatu nahi dute, ongizatea pertsonen bizi-kalitatean eragiten duten faktore anitzen emaitza dela ulertuta.
Debako Udalak herritarrak ekimen honetan parte hartzera gonbidatu ditu, ongizatearen inguruan elkarrekin hausnartu, ikasi eta esperientziak partekatzeko aukera izango baitute bi egunetan zehar.